Bizileku barik zeuden Astepeko familiei ostatua aurkitu die udalak

Anboto 2014ko aza. 7a, 09:09

Astepen hamaika etxebizitza egoera txarrean daude termiten ondorioz: bederatzi etxebizitzako bloke bat eta ondoan dauden etxe zuri txiki bi. Udalak agindutako azterketa batek erakutsi duenez, termiten ondorioz eraikina “kolapsatzeko arriskuan dago”, David Latxaga alkateak jakinarazi zuenez.


Horregatik, udalak etxebizitzetan bizi direnei bertatik irteteko agindu die. Dagoeneko bizilagun guztiek aurkitu dute behin-behineko ostatua, baina oraindik kontratuak sinatu barik daude. Bizilagun gehienek euren kabuz aurkitu dute, baina famili gutxi batzuek, baliabide ekonomiko txikiena dutenek, ezin izan dute beste etxebizitzarik aurkitu, eta joan zen barikuko udalbatzarrera joan ziren egoeraren berri emateko. Etxebizitza pribatuak izan arren, ordurako Gizarte Ekintza Saila bitartekari lana egiten zebilen Eusko Jaurlaritzagaz, eta aste honetan aurkitu diete behin- behineko ostatua Bizigune eta Alokabide programen bidez.

Joan zen barikua zen Astepeko eraikinetatik irteteko azken eguna;udalak “malgutasunez” jokatuko zuela iragarri zuen.

Familia bati –ama eta semea– Gernikan eman diote ostatua, eta gaur irtengo dira Astepetik. Familiako kidea den Carlos Mendesen esanetan, 12 urteko anaia gazteari ikastetxea bilatzea izango dute hurrengo zeregina, egunero Gernikatik Zornotzara etorri beharrik izan ez dezan. Aurora dos Anjosek bere lehengusina Marisa eta bere familia ordezkatzen ditu. Dos Anjosek atzo eguerdian adierazi zuenez, “bizileku bat aurkitu dietela esan digute, baina barikuan [gaur] jakingo dugu non dagoen; Durango, Iurreta, Galdakao edo Gernikan izango da”. Dos Anjos berak adierazi duenez, Astepen bizi eta nora joanik ez zuen Julieta Batistari Durangon emango diote ostatu: “Familia guztiek dute behin-behineko ostatuta, eta hori pozteko albistea da”, dio Anjosek.

Orain arteko bidea
Astepeko bizilagun bat eraikinean obra txiki batzuk egiten zebilela sabai zati bat erori, udalari jakinarazi, eta, udaltzainak bertaratu zirenean, eraikinean gabeziak ikusi zituzten. Abuztuaren 1a zen. Eraikin pribatuak izanagatik, udalak berak hartu zuen eraikinaren egoeraren azterketa egiteko ardura. Azterketa horrek eraikineko termiten arazoa mahaigaineratu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!