Ahotsak proiektuaren webgunean (www.ahotsak.com) Zornotzako 135 pertsonari egindako elkarrizketak daude; horietako 34 Ahotsak egitasmoaren barruan egin dituzte (udalagaz sinatutako hitzarmenaren bidez), baina badira aurretik egindako beste hainbat grabazio eta horiek ere eskuragarri daude; esaterako, Luis Mari Gerediagak orain 20 urte baino gehiago Zornotzakoa aditzak jasotzeko edadekoei egin zizkien elkarrizketak ere entzun daitezke: “Grabazio baliotsuak dira hika berbetan entzun daitekeelako eta gaur egun nork egiten du hika?”, adierazi zuen Nerea Goiria proiektuko sustatzaileetako batek. Guztira Zornotzako elkarrizketatuen 712 pasarte jaso dituzte (300 bideo eta sei audio). Pertsona bakoitzak bere fitxa ere badu oinarrizko datuekin.
Eguazteneko aurkezpen ekitaldian elkarrizketatuak izan diren 34 adinekoek euren grabazioak jaso zituzten erregalu moduan David Latxaga alkatearen eskutik eta euren omenezko bideo lan bat ere eskaini zuten. Pepa Bikandi elkarrizketatuetako batek "eskerrak" eman zituen euren bizipenak jasotzearren: "Jaso ezik galdu egingo lirateke. Gure bizitza bene-benetan zelan izan zen ikusten da bideoetan. Eskerrik asko".
Ahotsak proiektua orain 11 urte hasi zen Eibarren. Hainbat norbanako nagusien bizipenak jasotzen hasi ziren nor bere aldetik.Batak bestearen berri jakin eta lan berean zebiltzala ohartzean, elkarlanean hasi ziren. Apurka ondoko herrietara zabaldu zen proiektua eta gaur egun 284 herritako 4693 adineko elkarrizketu eta grabatu dituzte; horietako asko ikusgai daude webgunean. Guztira 50.000 pasarte inguru (22.503 bideo) ikusi daitezke. Bilaketak herrika zein gaika (gerra zibila, erlijioa, dantza, jaiak…) egin daitezke.