Zornotzako Nagusi Aretoko inaugurazioa

Edadekoen aisialdi aktiboa kudeatuko duen Nagusi Aretoa inauguratu dute

Anboto 2014ko urr. 3a, 16:01
Inaugurazio ekitaldira batu direnen familia argazkia nagusi aretoaren kanpoaldean

Alde batetik, edadekoen aisialdi aktiborako ekintzak garatzeko espazio fisikoa eskainiko du. Baina, horrekin batera, edadekoen askotariko beharrizanak jaso, sustatu eta koordinatzeko erdigunea izango da.

 

Zornotzako Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat ordezkari batu ditu gaur Zornotzako Nagusi Aretoko inaugurazio ekitaldiak. Gudari kalean kokatuta dago, autobus geltokiaren ondoan. Areto berria astelehenetik barikura egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara eta hainbat gunetan banatuta dago: harrera, erabilera anitzeko aretoa, bulegoa, batzargela, ziberkafea eta biltegia ditu.

Gizarte Ekintza arloko zinegotzi Itxaso Iriondok gune berri honen helburuak eta betekizunak zehaztu ditu: “Edadeko pertsonen artean aisialdi aktiboa sustatu eta kudeatuko du”. Nafarroa Zentroan lehendik dagoen eskaintza osatzera dator, nolabait, Nagusi Aretoa. Irailean zehar edadeko150  lagunen artean inkestak egin dituzte eta hor adierazitako proposamen eta kezkak erabili dituzte Nagusi Aretoak jarraitu beharreko norabidea definitu eta ekintzak diseinatzeko.

Alde batetik, aretoak eskaintzen duen espazio fisikoan askotariko ekintzak garatuko dituzte. Arlo horretako profesional baten esku egongo da aretoaren dinamizazioa. Iriondoren arabera, urrian zehar hiru ikastaro hasiko dira: Biodantza ikastaroa, Durangaldeko historia ezagutzeko ikastaroa eta bidaietan erabiltzeko ingles ikastaroa. Eskaintza propioez gainera, dagoeneko herrian garatzen direnak ere aprobetxatu gura dituzte azpiegitura berrietan eta askotariko erakundeekin elkarlanean jardungo dute eskaintza ahalik ere zabalena eta osatuena izan dadin: gizarte eta kultura alorreko ekintzak, osasunari eusteko programak, gizarte-eskubideen gainekoak, belaunaldien arteko topaketak…

Espazio fisikoa eskaintzeaz gainera, Nagusi Aretoak edadekoen beharrizanen “behatoki permanentea” izan gura du; dudak argitzea, informazioa eskaintzea, gestioetan laguntzea (nagusien txartela…) izango dira beste funtzio batzuk. Filosofia horri jarraituz, eta edadekoen beharrizanak asetzeko erdigunea den heinean, aretoa bera astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, baina bertatik kudeatu eta sustatutako ekimenak beste egun eta ordutegi batzuetan garatzea ere posible da.

65 urtetik gorako 3.207 lagun Zornotzan

Gaur egun, Zornotzan 65 urte edo handik gorako 3.207 lagun bizi dira, biztanleria osoaren %18a, hain zuzen. Bizkaian, %20koa da portzentaia. Datozen urteetan joera horrek gorantz egingo du eta horregatik dira garrantzitsuak horrelako azpiegiturak Pilar Ardanza Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko buruaren esanetan: “Gero eta edadeko lagun gehiago dago, baina hori albiste ona da. Edadeko pertsonak ez dira karga bat. Gaur egun, edadekoen %90ak baldintza fisiko eta mental ona dute eta askok gizarte-ekintzetan aktiboki parte hartzen dute”.

Gaurko inaugurazio ekitaldian izan dira David Latxaga alkatea, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika Sailburuordetzako Gizarte Zerbitzuen zuzendaria, Sergio Murillo Aldundiko Pertsonen Autonomia Sustatzeko zuzendari nagusia zein udaleko Antonio Castellet (PSE) eta Ziortza Makazaga (EHBildu) zinegotziak. Makazagaren ustez, “zahartze aktiborako espazioak sortzea garrantzitsua da eta espazio horri behar den etekina ateratzea espero dugu”. Hala ere, gogoratu duenez “gazteek ez dute autogestiorako espaziorik eta ongizate zerbitzuei dagokionez, genero teknikaria lanaldi erdian dabil; arlo horiek ere kontuan hartu behar dira”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!