Euskara ikasi eta euskaraz aritzeko aukera Zornotzako AEK, udal euskaltegi eta barnetegian

Anboto 2014ko ira. 15a, 13:55

Ezkerretik eskumara: Julio Aranguren, Marivi Zubiaga, Andoni Agirrebeitia eta Idoia Zuloaga.

Matrikulazio kanpaina hasita dago eta aurtengo eskaintzaren berri eman dute.

 

Zornotzako udal euskaltegiak, AEK-k eta barnetegiak prentsaurreko amankomuna eman dute gaur nork bere ikasturte berrirako prestatu duen eskaintzaren berri emateko. “Euskara denon artean gehiago bizi daigun lan egitea” da helburua,  Andoni Agirrebeitia udaleko Kultura, Euskara eta Kirol arloko zinegotziak adierazi duenez.

Zorntzako AEK-ko arduradun Julio Aranguenak “euskara praktikoa sustatzen” ahalegin berezia egingo dutela adierazi du: “Euskararen transmisiorako beharrezkoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hartuemana euskaraz ematea, baina ikusten dugu euskara zabaltzeko senar-emazteen, neba-arreben eta lagunen artean ere euskara erabiltzea garrantzitsua dela”. Horrez gainera, ordutegi “malgu eta zabalaren” barruan ohiko eskaintzari eutsiko diote: autoikaskuntza pertsonalizatua, on-line ikastaroak, lanpostu pribaturako eta, batez ere, publikoetarako azterketen prestakuntza (4. Maila)…

Zornotzako Barnetegiko zuzendari Marivi Zubiagak barnetegi batek eskaintzen dituen  abantailak azpimarratu ditu: “Euskaraz ikasten dabiltzanek ikusi behar dute ikasteko zein berba egiteko gai direla, eta barnetegiak horretarako aukera itzela eskaintzen du. Eguneko 24 orduetan euskaraz bizitzeko aukera dago. Gai direla sentitzea aurrerapausu handia da ikas prozesuan”. Horrez gainera,  eskaintza zabala dute urtero lez: on-line ikastaroak, 4. mailako euskara trebakuntza…

Udal euskaltegiko eskaintzaren barruan, ‘Irakurketa erraza’ izeneko ikastaroa dago: “Adin batetik gorakoek berba egiteko ez, baina euskaraz irakurtzeko arazoak izaten dituzte eta hor ere eragin gura dugu”, adierazi du udal euskaltegiko zuzendari Idoia Zuloagak. Bizkaiera ikasi gura dutenentzako ikastaroa ere eskainiko dute eta baita ikastetxeetako ikasleei bideratutako ikastaro trinkoak edo jubilatu zein gurasoei zuzendutakoak, besteak beste. Euskaraz ikasteko astelehenetik eguenerako klaseak aurten ordu eta erdiko iraupena izango dute; iaz artekoa baino orduerdi laburragoak izango dira. Erabaki hori bi arrazoirengatik hartu dute: “Irakasle kopuruak eskaintzen dizkigun baliabideei ahalik etekinik handiena ateratzeko eta ikasleek eurek iraupen laburragoko moduluak eskatzen dituztelako”. Iaz legez, aurten ere lanbagetuek udaletik diru-laguntzak jasoko dituzte udal euskaltegirako: matrikula eta ikasturte osoko kurtsoa 10 euroan egiteko aukera dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!