Eubako jaiak

Frontoi eta elkargune eraberrituagaz hasiko dituzte jaiak Euban

Anboto 2014ko ira. 3a, 14:49

Gaur frontoi berria inauguratzeko emandako prentsaurrekoko une bat

Gaur inauguratu dute Eubako frontoi eraberritua eta horri atxikitutako elkargune berria. Lanak aurreikusi baino lau hilabete lehenago amaitu dituzte eta eubarrek azpiegitura berrietan ospatu ahalko dituzte barikuan hasiko diren auzoko jaiak.

 

Proiektuak 700.000 euroko aurrekontua izan du eta Urre enpresak gauzatu du. 2015 urte hasierarako amaitzea aurreikusita zegoen, baina lau hilabete gutxiago behar izan dituzte eta jaiak hasiko diren astebururako dena prest dago.

David Latxaga alkateak adierazi duenez, “berez, esan daiteke, hiru obra batean egin direla; frontoiaren eraberritzea, honi atxikita dagoen elkargune berria sortzea eta ondoko zelaia parke erabilgarri bihurtzea, asialdirako gune berri bat ahalbidetuz”.

Pilotalekuari dagokionez, hormak mantendu egin dituzte eta teilatu kurbatu berriagaz estali dute. Frontoi berria 1984an eraikitako aurrekoa baino baxuagoa da. Partiduak jarrita ikusteko 66 eserleku ditu. Era berean, kontrakantxaren zabalera 5,5 metro txikitu dute. Horrela, kanpoaldeko espaloiak zabaldu ahal izan dituzte eta pilotalekuko kontrakantxak zabala izaten darrai.

Atxikita dagoen eraikin ereberrituari dagokionez, “Eubarren, inguruko auzoetako auzotarren eta, oro har, zornotzarren elkargune berri bat izatea gura dugu”, Andoni Agirrebeitia Kultura, Euskera eta Kirol zinegotziak adierazi duenez. Gune berria erabilgarri egongo da, esaterako, jubilatuen elkartearentzat, Eubako bizilagunen elkartearentzat zein bestelako ekitaldiaren bat burutu gura duen zornotzarrarentzat.

Behar izanez gero, gela handia bitan banatzeko aukera dago itxidura mugikor baten bidez, horrela, aldi berean batzar bat baino gehiago egitea ahalbidetuz. Gelak sarrera eta komun bi ditu eta mahai eta aulkiekin atonduta dago. Alde batean beirate handi bat du barnealdeari argitasuna ematen diona.  

Eraikineko espazioaren banaketa diseinatzerako orduan Eubako bizilagunen elkarteagaz elkarlanean aritu direla aipatu du Agirrebeitiak. Obren aurretik, hainbat gela zituen eraikinak (hainbat dutxa, tartean), baina azken urteetan biltegi moduan erabiltzen zen ia osorik. Horrela, berria diseinatzerako orduan funtzionaltasuna bilatu dute.

Azkenik, eraikin horren ondoan parke berri bat sortu dute. Zelaia atondu, bidexka egin eta laster eserlekuak gehituko dizkiote.

 

Jaiak barikutik domekara

Barikuan hasi eta astelehenera bitartean jaiak ospatuko dituzte Euban. Erromerietarako eta musika kontzertuetarako eszenatokia pilotaleku erebe rrituan jasoko dute. Barikuan, 11:00etan, umeentzako puzgarriak egongo dira eta 20:30ean mus txapelketa egingo dute. 20 euro da izen-ematea eta lehen lau sailkatuentzat egongo dira sariak. Irabazleak 500 euro jasoko ditu.

Zapatu goizean umeentzako jolasak egingo dituzte 11:00etan eta, ondoren, gaztetxoentzako zein nagusientzako bazkari herrikoiak egongo dira pilotaleku berrian. Iluntzea eta gaua Xaibor DJaren erromeriak alaituko ditu. Tartean, labeleko hanburgesak eta oilaskoa dastatzeko aukera egongo da euro batean. Domekan herri kirol emanaldia dago 12:00etako mezaren ostean. Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza aizkoran arituko dira eta Urdax Magunazelaia eta Jon Gisasola harrijasoketan. Kultur ekitadirik ere ez da faltako; 18:00etan Zeainiko antzerki taldeak Zer ete darabil Tomasak? izeneko antzezlana eskainiko du.

Azkenik, astelehenean auzoko hildako guztien aldeko meza egingo dute goizean. Arratsaldean, 18:00etan, briska txapelketa jokatuko dute. Izen-ematea 12 euro da eta irabazleak 150 euro jasoko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!