Zornoza elkarteak, bere 60.urteurrenean, jaietako pregoia botako du gaur

Anboto 2014ko uzt. 15a, 16:05

Iaz, abesbatzak Portugalera egindako bidaian ateratako argazkiak

Zornoza kultur elkartea izango da aurten Zornotzako jaiei hasiera emateaz arduratuko dena. 20:00etan botako dute txupinazoa. Joseba Fernández elkarteko presidenteak azaldu duenez, poztasunez eta harrotasunez hartu dute pregoia irakurtzeko erantzukizuna: “Pregoian zer esan aztertzen gabiltza batzordean. Ez dugu luzea izaterik gura, jendea eta jaiak direlako protagonistak”. Fernández bera izango da jaien haiserako pregoia irakurriko duena.

Zornozaren 60. urteurrena ospatzen dihardute aurten. Sorreratik, elkarteak hainbat ekimen bultzatu ditu kultur arloan. Sei hamarkadako ibilbidean taldea unean uneko beharrizanetara egokitu dela gogoratu du Fernandezek. “Dantza talde bat izan genuen, eta euskara ikastaroak, antzerki taldea eta txistulari taldea antolatu izan ditugu. Momentu honetan badago dantza talde bat, euskaltegiak ere badaude, baina bere garaian, horrelakorik ez zegoenean, hutsune hori bete genuen”.

Urteurren ospakizunen barruan, ekainaren 8an, Bizkaiko abesbatzen jaialdia antolatu zuten Zornotzan. Izan ere, elkartearen ardatza abesbatza da. Egun, hogei abeslarik dihardute Mireia Izagirrek zuzentzen duen taldean. Elkartean 160 bazkide dituzten arren, abesbatzako kide izateko ez da zertan elkarteko bazkide izan.
Urteurren ekitaldiekin jarraituko dute uda ostean ere. Santa Zezilia egunaren inguruan ere urteurren ekitaldiren bat prestatzekoa asmoa dute.

Ekintza ugari
Enrike Renteria kaleko margo lehiaketa ere Zornozak antolatzen du. Horrekin batera, balkoietan margoak eskegitzeko olanak ere jartzen dituzte. Gainera, gazteen artean irakurzaletasuna bultzatu guran, ipuin lehiaketa antolatzen dihardute hamalau urtez herriko ikastetxeekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!