“Herri batek egin ahal dituen jai onenak” hasiko dira hilaren 15ean

Anboto 2014ko uzt. 7a, 14:25

Zornotzako jaiak hastear daude. Egitarauaren aurkezpena egin dute David Latxaga alkateak, Andoni Agirrebeitia kultura zinegotziak eta David Murillo teknikariak.

“Herri batek egin ahal dituen jai onenak”. Horrela definitu ditu Agirrebeitiak aurtengo jaiak. Jai batzordeak egindako lana eskertu du, baita bertan parte hartu duten elkarteek erakutsitako konpromisoa ere.

Latxagak adierazi du 2000. urtetik honako egitarauak begiratzen egon dela, eta eboluzio on bati eskerrak, aurtengoak onak izango direla berretsi du. “Egitarau ona izatetik ezin hobea edukitzera pasa gara”. Kultur egitura sendoagoa daukatela azaldu du alkateak: “Kultur arloan apustu handia egin dugu”. Jaietako txupinazoa Zornoza Arte eta Kultura Elkarteak botako du, aurten 60 urte bete dituelako. Bere jarduera nagusia koralarena izan arren, hainbat ekintza antolatu dituzte, eta Latxagak gogoratu du sorreretan eurek sustatzen zutela herriko kultur jarduera. “Harrigarria da eurek oraindik txupinazorik bota ez izana”, adierazi du autokritika lez.

Alkateak eta zinegotziak egitarau zabala eta askotarikoa egongo dela esan zuten. Agirrebeitiak eman zituen zehaztapenak, eta musika, bertsolaritza, kirola edota antzerkia nabarmendu zituen. Guztira, 100 ekitaldi inguru antolatu dituzte: Gatiburen kontzertua 15ean, Aimar Olaizolak jokatuko duen pilota jaialdia 16an, koadrilen arteko paella jana 18an, Trapuzaharra taldearen antzerkia 20an, umeen danborrada 24an, karroza desfilea 27an...

Egunez ere jaia
Murillok aurten indartu dituzten atalen berri eman du. Autokritika eginez, azaldu du orain arte domeka goizetan ez zegoela ia ekintzarik, eta esfortzu bat egin dutela tarte horiek betetzeko. Egunez ere jaia egitearen aldeko deia egin du kultur teknikariak. Gainera, umeentzako egitaraua ere indartu dutela azpimarratu du.

Martitzenean, 20:00etan hasiko da jaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!