Europan bakarra den automoziorako formakuntza zentro bat egingo dute Zornotzako AICn

Anboto 2014ko uzt. 2a, 13:37

Gestampeko presidente Francisco Riberas, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia eta AICeko zuzendari Ines Anitua azpiegitura berrietako obretan
Zornotzan dagoen Automotive Intelligence Center-en automoziorako formakuntza zentro bat egingo dutela jakinarazi du gaur Jose Luis Bilbao Bizkaiko Aldundiko ahaldun nagusiak. 2015erako amaituko dute eraikina 15 milioi euroko inbertsioagaz. Gestamp enpresak zentro bi kokatuko ditu azpiegitura horietan.

 

AIC-ren 3. faseak 8.000 m2-ko instalazioak izango ditu eta 2015. urte hasieran jarriko da abian. 15 milioi euroko inbertsioa izango du. Fase honetan automoziorako formakuntza indartuko da automoziorako formakuntza osorako zentro berezi baten sorreraren bidez. Bertan Gestampena bezalako proiektuak hartuko dira, baina baita beste enpresen batzuenak ere: “Etorkizunean maila guztietako profesional onenak izan behar ditugu eta Bizkaian eta Euskadin geratuko den ezagutza sortu beharra dago”, azaldu du Bilbaok gaurko prentsaurrekoan.

Gestamp-ek Formakuntza Teknologikorako Zentro Globala eta Material Berrien Ezagutzarako Zentroa ezarriko ditu azpiegitura berrietan. Lehenengo zentroa estanpazio eta muntai beroaren teknologietan eta karbonozko zuntza bezalako material berrien azterketan oinarrituko da gehienbat; bigarrenaren helburua prestakuntza handiko adituak trebatzea da, ‘Golden-fingers’ bezala ere ezagutuak eta trokel konplexuen fabrikazioan espezializatuak.

Gestamp mundu mailako liderra da ibilgailuen fabrikatzaile nagusientzako diseinuan eta osagaien eta multzo metalikoen garapenean eta fabrikazioan.  Ibilgailu seguruagoak eta arinagoak lortzeko diseinu berritzailea duten produktuak garatzean espezializatuta dago. Munduko 20 herrialdetan ditu azpiegiturak eta 30.000 langile ditu.

AIC, berriz, Zornotzan eta Ermuan kokatutako berrikuntza-zentro ireki bat da, ezagutza, prestakuntza, teknologia eta industria-garapena integratzen dituena, automobilaren sektorean lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. AICek 2009ko urtarrilean inauguratu zituen bere instalazioan. 2010eko apirilean azpiegiturak handitu zituen I+G+b Unitate gehiago hartzeko.

Azken fasearen ostean, AICek bereziki automozioaren industriarako balioa sortzera zuzendutako 45.000 m2 izango ditu. Momentu honetan 25 elkarte biltzen ditu, osagaien fabrikatzaileetatik hasi eta teknologia, ingeniaria edo formakuntza zentroetaraino. Sektoreko 600 profesional baino gehiago ditu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!