Ertzaintzak jakinarazi duenez, atzo gizonezko batek Zornotzako senar-emazte baten etxebizitzan sartzea lortu zuen engainuaren bidez. Iturgina zela, goiko pisuan obretan zebilela eta beheko pisuan itoginik eragin zuen edo ez konprobatzera zetorrela esan zien 80 urtetik gorako senar-emazteei. Behin barrura sartuta, engainuarekin aurrera jarraitu eta senar-emazteei konprobazioak egiten laguntzeko eskatu zien. Horretan zebiltzala, lapurrak gelak arakatu zituen eta bitxiontzi bat (eraztunak, lepokoak…) aurkitu eta lapurtu zuen.
Helburua bete ostean, lanekin jarraitzeko berriro goiko pisura zihoala esan zuen. Ondoren, senar-emazteak lapurreta egin ziela ohartu ziren eta Ertzaintzan salaketa ipini zuten. Han jasotako datuekin Ertzaintzak 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, lapurreta egitea egotzita.