Hiru aparkaleku berri Zornotzako herrigunean komertzioa sustatzeko helburuz

Anboto 2014ko eka. 13a, 12:24

Udalaren eta Dendariak elkartearen arteko akordioa da. Ixer, Nafarroa Zentro eta Betarraganen, guztira, 213 aparkaleku bideratuko dituzte. Herriko komertzioa sustatzea eta aparkaleku kopurua handitzea da helburua. Hirurak doakoak izango dira.

 

Zornotzako Udalaren eta Dendariak elkartearen arteko akordioaren bidez, herri gunean aparkatzeko 213 plaza atonduko dituzte hiru gunetan: Ixer, Nafarroa Zentroan eta Betarraganen, Konbenio kalea eta El Karmelo ikastetxea dauden inguruan.

Lehenengo prestatuko duten aparkalekua Ixer ingurukoa izango da eta domeketan merkatua egiten den tokian egokituko dute. Aparkaleku horrek 146 plaza izango ditu, eta, txandakakoa eta doakoa izango da. Bigarren aparkalekua Nafarroa Zentrokoa izango da; 25 plaza bideratuko dituzte eta Ixer-ekoaren moduan txandakakoa eta doakoa izango da. Gune bi horiek irailetik aurrera egongo dira erabilgarri. Horretarako, udalbatzarrak dagokion ordenantza arautzailea onartu behar du, ordutegiak, txanden denbora tartea… jaso eta zehaztuko dituena.

Betarragane ingurua izango da hirugarren aparkalekuaren kokalekua eta 42 plaza izango ditu. Eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri eta gainerako bien moduan doakoa izango da. Azarorako erabilgarri egotea aurreikusita dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!