Alkoa Fundazioak eskaini dien laguntza eskertu du Zornotzako institutuak

Anboto 2014ko eka. 11a, 16:59

Udaletxeko, Alkoako eta Institutuko ordezkariak inauguratutako plakaren ondoan
2011etik hona 156.600 euroko laguntza jaso dute hiru alditan. Aurten jasotako 56.200 euroak automatismo gelako azpiegituretan erabili dituzte.

 

Zornotzako Goi-Mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutuak esker onak eman dizkio gaur Alkoa Fundazioari hainbat urtetan zehar emandako diru-laguntzengatik. 2001etik hona, 156.600 euro jaso ditu institutuak Alkoaren eskutik eta diru horregaz hainbat azpiegitura hobetu eta ikasleek euren formazioa osatzeko baliabideak eskuratu ahal izan dituzte.

Institutuko areto nagusian izan da esker on ekitaldia. Alkoa Fundaziotik Alfonso Martinez (Zornotzako Alcoa enpresako produkzio zuzendaria)  egon da eta udaletik Andoni Agirrebeitia (EAJ),  Ziortza Makazaga eta Arantza Gerediaga (Bildu) zinegotziak. Alkoako, Institutuko eta udaleko ordezkarien azalpenen ostean, Alkoaren omenez institutuan ipinitako plaka bat inauguratu dute, Alfonso Martinezek bistaratu duena.

Institutuak 56.200 euro jaso ditu aurten Alkoa Fundaziotik. Horiek automatismo gela hornitzeko erabili dituzte. Hain zuzen, hiru estazio dituen zelula malgu bat erosi dute: “Zelula berria laguntza handia ematen digun elementua da. Matxurak bilatzeko edo konfigurazio desberdinak egiteko aukera eskaintzen digu, besteak beste. Eremu zabalago batera heldu gaitezke”, adierazi du Iban Arriaran irakasleak.  Zelula berriaren bidez ikasleek industria mantenuko benetako operazioen simulazioa egin dezakete eta, beraz, tresna oso eraginkorra da ikasleen trebakuntza hobetzeko. Mekatronika industriala eta mantenu elektromekanikoa ikasten dabiltzan ikasleek erabiliko dute azpiegitura berria.

Aurtengoa ez da Alkoa Fundaziotik laguntza jaso duten aldi bakarra. Beste aurrekari bi daude. 2001ean 31.000 euro jaso zituzten eta soldadura gelako gas erauzketa sistema eraberritu zuten eta energia kontsumoan “asko aurreztu” dute harrezkero. 2011ean xaflak plasma sistemaren bidez ebakitzen dituen makina erosi zuten 67.300 euroko laguntza baliatuta.

 

Zelula berria bisitatzen:

 

 

 

 

 Plasma bidez xaflak ebakitzen dituen makina:

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!