Aitor Ipiñazar zornotzarrak irabazi du Karmen jaietako kartel lehiaketa

Anboto 2014ko eka. 3a, 14:55

Aitor Ipiñazar kartel irabazleagaz
24 urte ditu eta diseinuzko ingeniaritza industriala ikasi du. Lehenengoz parte hartu du Zornotzako lehiaketan.

 

Kartelaren diseinuaren eta bertan ageri diren osagaien gaineko argibideak eman ditu Ipiñazarrek gaurko prentsaurrekoan: “Txupinazo egunaren eszena irudikatu nahi nuen. Goian edo balkoian txupina jaurtiko duena ageri da eta behean egun horretan bertaratzen diren herritarrak. Koloreari dagokionez, urdina nabarmentzen saiatu naiz, bai zapietan eta bai kartelaren tonalitate orokorrean. Urdina zornotzako jaietan nabarmentzen den kolorea da. Azkenik, atzealdean herriko hainbat eraikin bereizgarri ikusten dira: Nafarroa Zentroa, Patataren eskultura, iturria eta Zelaieta Zentroa esaterako”. Kartela osatzeko behealdean Zornotzako koruak abesten duen herriko ereserkiko letrak gaineratu ditu: “Orain sei bat urte, Sagu Zaharrak txarangagaz balkoian izan nintzen txupinazo egunean eta korua abesten entzun nuen. Hori gogoratu nuen eta hortik hartu dut ideia”.

Zornotzako jaietako kartel lehiaketara aurkezten zen lehenengo aldia zuela adierazi du Ipiñazarrek. Aurretik Donostiako Jazzaldiko edo San Fermin jaietako kartel lehiaketetara ere aurkeztua da.

Guztira, 17 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara

Guztira 17 kartel aurkeztu dira aurten. Lehiaketa eraberritua izan da: 29 urtetik beherako zornotzarrei mugatua. Azken urteetan kartelen “kalitateak behera” egin duelako hartu dute erabaki hori: “Aurkezten ziren asko kanpokoak ziren eta herriko jaiak ezagutu ere ez zituzten egiten. Horregatik, jai batzordeak lehiaketa mugatzea erabaki du eta egia esanda oso pozik gaude emaitzarekin eta kartel irabazlearekin”, adierazi du Andoni Agirrebeitia zinegotziak. Aurkeztutako 17 karteletatik bi bereizi zituzten finalerako eta jai batzordeak atzo egindako batzarrean aukeratu zuen irabazlea “ia aho batez”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!