Iazko likidazioa eginda, Zornotzak 1.161.000 euroko soberakin garbia dauka

Anboto 2014ko maiatzaren 30a

Gaur goizeko udalbatzarrean jakinarazi dute diruzaintzan gastu orokorretarako 1.161.000 euroko soberakin garbia duela Zornotzako Udalak.

 

Zenbateko hori soberakin garbia da eta horrek esan gura du udalak ondoen deritzon moduan erabiliko duela gastu orokorrei aurre egiteko. Diruzaintzan dagoen soberakin osoaren zenbatekoa ere eman dute: 6.208.904. Horri esker, pisuzko azpiegiturekin jarraitzeko aukera izango dutela adierazi du Gobernu Taldeak: Betarraganeko urbanizazio lanak, Ibaizabal-Nafarroako berrurbanizazioa, Nagusi Aretoa eta Eubako hiri eta kirol gune berria, esaterako.

Iker Basagoiti EAJko zinegotziaren esanetan, datuek erakusten dute udalaren egoera ekonomikoa “ona” dela: “Bizkaiko Foru Aldundiak  ezarritako egonkortasun baldintzak betetzen ditugu. Aurtengo eta datorren urterako aurreikuspenak positiboak dira eta udalak finantzatzen dituen errekurtso propioek ere aurreikuspen positiboa dute”.

Gizarte Larrialdetarako Laguntza handitu dute

Eusko Jaurlaritzak badu zerbitzu bat Gizarte Larrialdietarako Laguntzak izenekoa. Herriz herri dirulaguntzak bat ematen die udalei eta, ondoren, herrietako udalek diru hori kudeatu egiten dute beharrizanean daudenen artean. Hasieran Jaurlaritzatik jakinarazi zieten aurten 125.000 euro jasoko zituztela eta horrela jaso zuten aurrekontuetan; azkenean 9.000 euro gehiago jaso dituzte: 134.864.  Udalbatzarrean gehikuntza hori onartu dute. Basagoitiren arabera aurreko urteetan jasotako zenbatekoa ez zen nahikoa beharrizanak asetzeko eta udalak diru kopuru bat gehitzen zion Jaurlaritzatik jasotakoari. Aurten ikusteke dago 134.864 euro horiek nahiko izango diren edo ez.

Udal langileen aparteko soldatak gordeta darrai

Aurreko ekitaldietan egin bezala, Espainiar estatuko gobernuaren aginduz udalak ordaintzerik izan ez zuen 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren zenbatekoa kendu egin diote soberakinari. Zenbateko hori 253.969 eurokoa da eta udaleko kontabilitatean atziturik dago, udal langileei legez ordaindu dakiekeenerako.

Azkenik, jakinarazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldunditik jasoko diru-laguntza bati esker, 50.000 euroko kreditua bideratu dute bosgarren edukiontziaren ezarpenei eta kontzientziazio-kanpainari eusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!