Asturiasko kultura gertutik ezagutu ahalko da zapatuan Zornotzan

Anboto 2014ko maiatzaren 29a

Ixuxú, Asturies-Euskal Herria elkartearen bidez, Zornotzako eta Asturiasko Pola de Llenako udalek batak bestearen kultura, tradizioa eta sorkuntza lanak ezagutzeko kultur jardunaldiak antolatu dituzte. Orain hiru aste zornotzarrak Asturiasera joan ziren, eta bihar, berriz, Zornotza izango da ekintzen erdigune.

Asturiasetik etorritako Gaites Guestia taldearen gaita doinuek emango diote hasiera kultur trukeari, 13:00etan, Zelaieta parkean. Hurrengo ekintza biak Zelaieta zentroan izango dira. Lehenengo, 17:30etik aurrera, Asturiasko hizkuntza normalizarioa zer egoeratan dagoen azalduko du Pablo Suarezek, Sagardoaren eskualdeko Amankomunazgoko hizkuntza normalizaziorako zerbitzuaren arduradunak. Ondoren, 18:30ean, Efren Alvarezen Suena’l Camin izeneko dokumentala ikusteko aukera egongo da.

Musikagaz esango diote agur egunari Zelaieta parkean. 21:00etan, Asturiasko Vrienden folk taldearen doinuek dantzarako gonbita egingo dute, eta, 22:30ean, Eromen talde zornotzarrak erromeria eskainiko du.

Asturiasen “oso harrera ona”
Orain hiru aste Asturiasko Pobla de Llena herrira egindako bisitan “oso harrrea ona” egin zietela gogoratu du David Murillo Zornotzako Gazte Informazioko bulego arduradunak: “Hurrengo urtean berriro ere errepikatzeko moduko egonaldia izan zen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!