Emakume erraketalarien historia jaso dute Zelaieta Zentroko erakusketan

Anboto 2014ko mai. 19a, 16:01

Andoni Agirrebeita, Itxaso Iriondo eta David Latxaga erraketalarien jantzien ondoan
Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna izango da maiatzaren 28an eta egun horren harira hainbat ekintza prestatu dute udaletik; tartean, XX.mendean zehar emakume erraketalariek izan zuten gorakada eta gainbehera azaltzen duen multimedia erakusketa.

 

‘Emakumea eta Euskal Pilota’ izeneko erakusketa gaur hasi eta ekainaren 1era arte egongo da zabalik Zelaieta Zentroan . XX. mende hasieratik 70eko hamarkada ingurura arte erraketaren munduan —eta pilotan oro har‑ emakumeek izandako presentziari errepasoa ematen zaio hainbat euskarritako osagaiekin. “Zornotza herri pilotazalea da, baina erraketalariak nortzuk ziren eta zer garrantzia izan zuten galdetuz gero, gehienek ez lukete jakingo; mundu hori ezagutarazi gura dugu erakusketagaz”, azaldu du Andoni Agirrebeitia Kultura eta Kirol arloko zinegotziak. Informazioa askotariko euskarrien bidez ematen da: azalpen panelak (kontaketa historikoa, pilotariak, pilotak…), bideo lanak (sasoiko erraketalarien adierazpenekin eta irudi historikoekin), erraketan jokatzeko lau jantzi, sasoiko dokumentoak (jokalarien fitxak…) eta pilota egiteko tresna txiki bat.

Iraia Garcia, txikiolinpiadak eta ‘Sexuen trivial jokoa’

Udaletik antolatutako egitaraua beste hiru ekintzak osatzen dute. Iraia Garcia atleta zornotzarrak ‘Gu be bai runners’ izeneko ekimena aurkeztuko du maiatzaren 28an, 20:00etan,  Zelaieta Zentroan. Herriko beste emakume batzuekin batera osatutako taldea da eta “kirolean aritu bitartean, espazioak eta uneak partekatzea du helburu”, Gizarte Ekintza saileko zinegotzi Itxaso Iriondoren berbetan.

Handik egun bira, maiatzaren 30ean, 18:30ean, Sexuen trivial jokoa prestatu dute Gaztetxokoan. 11 urtetik gorako neska-mutilak sexualitatearen inguruko gaiak lantzen arituko dira taldeka.

Azkenik, maiatzaren 31ean, 11:00etan, martxa bi antolatu dituzte (bat bestea baino luzeagoa) Zubiondo parketik abiatu eta Jauregibarrirantza. Proben logoa duen kamiseta jantzita arituko dira emakume partaideak. Horrekin batera gaztetxoei bideratutako Txikiolinpiadak ere egingo dituzte.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!