Atzoko batzarrera batutakoen %99ak Andoni Agirrebeitia Abendibarren alde egin zuen; ez zuen kontrako boto bakar bat ere jaso. Agirrebeitiak 44 urte ditu eta gaur egun Kultura, Euskara eta Kirol arloko zinegotzia da.
Uri Buru Batzarrean bere “konpromisoa, ilusioa eta talde-lanean jarduteko borondatea” erakutsi zituen Agirrebeitiak; erdi bidean dauden egitasmoak bukatzeko eta Amorebieta-Etxanorako etor daitezkeen erronka berriei aurre egiteko gogoa ere azaleratu zituen.
Hautagaia aukeratzerako orduan, Uri Buru Batzarrak Agirrebeitiaren “eskarmentua, kudeaketarako gaitasuna, zuzentasuna, akordioak lortzeko gaitasuna eta konpromisoa” lako dohaiak hartu ditu kontutan, prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez.