Komertzio handiei atea irekitzearen arriskuez ohartarazi du Bilduk

Anboto 2014ko mai. 8a, 17:34

Ziortza Makazaga eta Urko Lopez zinegotziak eguazten arratsaldeko prentsaurrekoan
Eroskik Zornotzan azalera handiko komertzio bat irekitzeko interesa erakutsi du. Arau subsidiarioek 600 metro karratura mugatzen dute merkataritza erabilerarako eraikinen tamaina. EH Bilduk adierazi duenez, EAJk eta PSEk Hirigintza Batzordeetan arauak aldatzeko “prestutasuna” erakutsi dute, hedadura handiagoetako eraikinak ahalbidetzeko. Alderdi bi horiek gehiengoa dute udalbatzarrean. Horrelako aldaketa batek ekarri ditzakeen arriskuez ohartazi zuten eguaztenean eskainitako prentsaurrekoan eta ondorengo herri batzar informatiboan.

 

Gaia udalbatzar batean irten zen. Apurka herritarrak kalean galdezka hasi zaizkiela adierazi zuen Urko Lopez zinegotziak, eta, horregatik, euren jarrera argitu gura izan dute. Tantorta auzoan joango litzateke Eroskiren eraikina, gaur egun Lidl supermerkatua dagoen bidearen beste aldean. Koalizioari kezka eragiten dio arau subsidiarioen balizko aldaketak arrazoi birengatik: herriko merkataritza-gune txikiak kaltetu ditzakeelako eta arauak berrizteko herritarrez eta eragileez osatutako kontseilua geldi dagoelako.

Arauak aldatuz gero, denentzat aldatu behar direla adierazi dute. Behin ate hori irekita, eta bere kokapenagatik Zornotza leku estrategikoan dagoenez, sektore askotako enpresa handiak etorri daitezkeela ohartarazi zuen Urko Lopez zinegotziak, eta horrek “kaltea eragin” diezaiekeela komertzio txikiei. Basauri erabili zuten adibide moduan: “Azalera handiko zentroak direla eta, herriko komertzioek eta ostalaritzak nabarmen egin dute behera”. EHBildu “ez dago herrira etorri nahi duten enpresen kontra, baina arriskutsu ikusten ditu  horiek Amorebieta-Etxanora etortzeko egin daitezkeen arau subsidiarioen aldaketa puntualak”.

Prozedurari dagokionez, Herri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) iraungita dago 2011z geroztik. Plan berria egituratzen laguntzeko sortutako Aholkulari Batzordea (herritarrak eta eragile sozialak barnean dituena), aldiz, “behin bakarrik batu da”, eta bertan erabaki beharko lirateke arau subsidiarioen aldaketak. 2007ko lege batek behartzen ditu udalak HAPO-a gaurkotzerako orduan herriko eragileak ere barnean dituen kontseiluak eratzera. EH Bilduk kontseilua biziberritzea eskatzen du, bere lana egiten uztea eta ondoren hartzea hartu beharreko erabakiak: “Legeak agintzen duelako bakarrik egiten bada eta gero ez bazaio ibilbiderik ematen, hori ez da herritarren hitza kontuan hartzea, legea espediente moduan bakarrik betetzea da”, salatu du Lopezek.

Azkenik, gogoratu dute Lurralde Plan Partzialak ez duela azalera handiko komertziorik aurreikusten Durangalderako.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!