Iñaki Egaña: "Borondate politiko sakona behar da Frankismoaren itzala gainditzeko"

Anboto 2014ko api. 28a, 13:23

Euskal Memoria fundazioko presidentea eta historialaria da Iñaki Egaña. Iluntzean Zornotzan izango da, Josu Ibargutxi eta Idoia Muruagagaz berbaldia ematen, Gerra Zibilari buruz, Frankismoaz, trantsizioaz, eta gaur eguneko momentu historikoaz. 19:00etan izango da hitzaldia Zelaieta zentroan.

Euskal Memoria (EM) fundazioko presidentea zaitugu. Noiz eta zelan sortu zen
fundazioa?
Orain dela bost urte sektore ezberdinetako partaideekin osatu zen: kultura, historia, sindikalismoa, memoria, giza eskubide arloetan lanean aritu zirenen artean. Eurek osatu zuten lehenenego egitura, patronato bat sortuz eta bazkideak eginez. Egun, herri askotako milaka lagunek osatzen dute Euskal Memoria.

Zeintzuk dira fundazioaren helburuak?
Euskal Memoriak ez da memoria historikoaren gaineko talde soil bat, datu talaia baizik. EMk zerbitzu publikoa du helburu, gatazkaren ondorioak aztertu eta ahal den neurrian egon diren fase politiko bakoitzaren biktimen datuak, izenak, egoerak, kontakizunak, biografiak... azaltzea, giza eskubideen urraketetan sortutakoak hain zuzen, arlo ezberdinetan. Beraz, EM ez da agente politikoa, dokumentazio gunea baizik.

Zein proiektu jarri dituzue martxan?
Lehenengoa eta nabarmenena orain arte, ikerketarena. Urtero, gai bat aukeratuz, orokorrean eta herriz-herriko auzolanen bidez, txosten sakona argitaratzen dugu, aukeratutako gaiaren inguruan. Bost izan dira urte hauetan aukeratutakoak: “Gernikako seme-alabak”, Frankismoa, euskara, tortura eta, aurtengoa, gerra zikina. Datorren urterako deserriari buruzko ikerketa egiten gabiltza. Ikerketez gainera, pixkanaka- pixkanaka datu basea osatzen gabiltza, giza eskubideen urrraketei buruz, datu horiek eskatutako talde eta instituzioen esku jartzeko. Gai zehatzei buruz, herri batek pairatu dituen giza eskubideak urraketei buruz, esaterako. Horrez gainera, dokumentazio zentroa martxan ipintzen gabiltza. Hori da gure egitasmo potoloena. Publikoa izango den dokumentazio zentroa izango da eta aurten amaitu nahiko genuke.

Jendearen aldetik zein erantzun jaso duzue?
Izugarria. Lan asko egin da, eta esan genezake gu jaio aurretik egindako lanari esker eta, bereziki guk egindako ikerketen ondorioz, laster ezagutuko dugula, osotasunean, Euskal Herriko sufrimenduaren mapa, azken 100 urtetako giza eskubideen urraketekin osotua.

Argentinan epaiketa martxan jarri dute. Bide horri buruz zein iritzi duzu?
Dinamika bat jarri dela abian. Orain arte itxi ez diren gure historiaren pasarteak landu egin behar dira. Bistan da, justizia eta egia oraindik ez direla gune horietara heldu. Erreparazioa, neurri apal baina duin batean, herriaren esku geratu zaigu, baina, esaterako, egia oraindik ez da zabaldu. Ezagutu dugun kontakizuna garailearen kontakizuna izan da, bereziki gerra zibilaren eta frankismoaren garaikoak. Beraz, ez dira fidagarriak izan. Herriak egia behar du eta neurri berean justizia. Beraz, ildo horietako prozesuak dira azken urteetan herriz herri abian jarri diren dinamikak. Lan hori burutzen ari gara, beste arloetan egin duen bezala, auzolaneko lana bizkarrean jarriz, instituizoek egin ez duten lana.

Memoria historikoaren berreskurapenean zein beste pausu eman beharko lirateke? Asko gelditzen da egiteko?
Gizarteratu. Sozializatu. Gezurra dirudien arren, egiaren bila ari gara oraindik, zenbait kasutan hainbeste urte pasa ondoren. Eten gabeko ibilbidea da, ez du amaierarik. Gehiago edo gutxiago jakingo dugu, baina inoiz ez da nahikoa izango. Baztertuak, ezkutuan edo ezezagunak izan diren pasarteak eta protagonistak azalduko dira nonnahi eta lekukoen papera betetzen badugu, beti egongo da lana. Historia eta berreskurapena lerro nagusiekin amaitzen ez delako. Garrantzia berdina ematen diegu pertsona guztiei, ezagunagoak edo ezezagunagoak izan arren. Mikro-historiek laguntzen gaituzte gertatutakoa ulertzen. Horregatik, herri dinamikek indar handia dute. Gertutasunak sinesgarritasuna ematen dio kontakizunari eta, bidea batez, sozilizaio arloan, gauzak errezten dira.

Frankismoak zein eragin izan zuen Euskal Herrian?
Uste duguna baino gehiago. Giza eskubideen urraketa erraldoia. Milaka deserriratuak, exekutatuak, presoak... denetako urraketak. Beldurrak. Aztarnak gaur eguneraino heldu dira. Gizartea kutsatu zen eta kutsadura astintzeko denbora behar da. Borontate politiko sakona behar da frankismoaren itzala gainditzeko.

Trantsizioa goraipatzen dute askok. Horrela izan zela deritzozu, edo argi ilunak izan zituela deritzozu?
Kontakizun ezberdinetan azaltzen den terminoa da. Beraz, onartutako hitza. Ezaugarrietan sortzen da eztabaida, akaso epeei buruz ere. Trantsizioa egon zela bistan da. Nolakoa? Alde ilun nabarmen izan zuen trantsizio horrek. Hori da, hain zuzen, azaldu behar dena. Oso egoera baldintzatua, inpunidadeaz josita... Alfonbra baten azpian sartu zituzten aurreko basakeri guztiak, ezer egon ez balitz bezala. Hor dago gakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!