Asturiasko kultura, tradizioa eta sorkuntza lanak ezagutzeko aukera egongo da hilaren 31n

Anboto 2014ko api. 28a, 13:21

David Murillo, Andoni Agirrebeitia eta Xicu Ariza gaur Zelaieta Zentroan eskainitako prentsaurrekoan
Ixuxú, Asturies-Euskal Herria elkartearen bidez, Zornotzako eta Asturiasko Pola de Llena-ko udalek batak bestearen kultura, tradizioa eta sorkuntza lanak ezagutzeko kultur jardunaldiak antolatu dituzte. Maiatzaren 3an zornotzarrak Asturiasera joango dira; hilaren 31n Zornotza izango da ekintzen erdigune.

 

Kultura bietako tradizioa ezagutara ematea, hizkuntza-aniztasuna sustatzea eta gaur egungo sorkuntza lanei zabalkunderako bide berriak eskaintzea dira ekimeneko helburu nagusiak. “Kulturen arteko ekimena da, hemengo errealitate sozikulturala Asturiasera zabaltzea eta hangoa hemen ezagutara ematea helburu duena”, zehaztu du Andoni Agirrebeitia Zornotzako udaleko zinegotziak. Ixuxú elkarteko kide Xicu Arizak asturiarren ikuspuntua eskaini du gaurko prentsaurrekoan: “Oporretan jende asko joaten da Asturiasera, baina hortik haratago ezjakintasuan handia dago hango kultura, tradizio, sorkuntza eta hizkuntza egoerari buruz. Horiek ezagutzera eman gura ditugu ekimen honekin”.

Maiatzaren 3an Pola de Llena herrian garatuko dute ekimena. Goizean Udaberri taldeak dantza emanaldia eskainiko du eta, ondoren, Zornotzan euskarak gazteen artean  duen erabileraren inguruko datuak emango dituzte solasaldi batean. Arratsaldean, Lara Izagirre zinemagile zornotzarren ‘Next Stop: Greenland’ film laburra ikusteko aukera egongo da eta iluntzean Ska Eromen talde zornotzarrak erromeria eskainiko du.

Maiatzaren 31n Zornotzan elkartuko dira euskaldunak eta asturiarrak. Gaites Güestia talde asturiarraren musika  emanaldiaren ostean, Asturiasko hizkuntza normalizazioari buruzko hitzaldia eskainiko du Pablo Suarezek Zelaieta Zentroan. Ondoren, ‘Suena ‘l comun’ dokumentala eskainiko dute (Asturiasko musika taldeen gainekoa), Efren Alvarez egileak berak aurkeztuta. Amaitzeko, sagardo dastaketa prestatu dute Zelaieta parkean, eta baita Adizion Etilika (Asturiasko taldea) eta Ska Eromen taldeen kontzertua ere.

Ekimen honetaz haratago, Zornotzako sortzaileen lanak ezagutara ematen jarraitzeko asmoa adierazi du David Murillo Ametx erakundeko gazte informazioa bulegoko arduradunak. Era berean gogoratu dute udaleko gazte sailetik sustatu den ekimena den arren, gazteei ez ezik adin denetako jendeari zabalik egongo den ekimena dela maiatzaren 3an eta 31n garatuko dena.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!