Beharrizana duten zornotzarrei laguntzeko jai solidarioa asteburuan

Anboto 2014ko api. 24a, 14:31

Barikutik domekara beharrean dauden zornotzarrei laguntzea helburu duen jai solidarioa ospatuko dute, Luxury, Hogan’s, Saltxa, Iruña eta Amets tabernek antolatuta.

 

Herritarrek beharrean daudenei laguntzeko janari ez galgarria utzi ahal izango dute tabernetan. Ondoren, janari guztia Durangaldeko Gurutze Gorriak jasoko du, eta udaleko Ongizate Sailaren aholkularitzagaz batera herrian beharrizan handiena dutenen artean banatuko du janaria.


Jai solidarioko ekimenik gehienak ere taberna horien bueltan egingo da; batzuk Andra Mari plazan izango dira. Bihar, 19:00etan txupinazoa jaurtiko dute eta, ondoren, kalejira egongo da; segidan igel txapelketa eta umeentzako jolasak egongo dira; iluntzean, ostera, kontzertua eskainiko du Blanco y en botella Zornotzako taldeak.


Zapatu arratsaldean, berriz, Gurutze Gorriak erreanimazio kardiobaskularra zelan egin irakasteko erakustaldia egingo du eta, horren ostean, Diversion’s taldearen kontzertua izango da Andra Mari plazan.


Domekarako, aldiz, askotariko produktuen merkatua, tortilla txapelketa eta herri kirolen erakustaldia antolatu dituzte. Txapelketarako izen-ematea kilo bat janariren (edo hortik gora) truke izango da. Tabernetan dohaintzan dirua emateko itsulapikoak ere ipiniko dituzte eta janaria uzteko guneak ere ipinita daude dagoeneko.

 

EGITARAUA

Apirilak 25

19:00: Txupinazoa, kalejira eta buruhandiak.

19:30-21:00: Igel txapelketa.

22:00: Luxury-Hogan's plazan kontzertua: Blanco y en botella taldea.

 

Apirilak 26

10:00-12:00: Umeen eta seniorren lasterketa Andra Mari plazan. 2-12 urte artekoek: 500 metroko lasterketa; 13 urtetik gorakoek: 2,6 kilometroko lasterketa. Izen-ematea zabalik ekimena sustatu duten tabernetan lasterketa hasi baino ordu erdi lehenagora arte.

12:00-14:00: Zumba klasea Andra Mari Plazan. Monitoreak: Alba eta Estefania, Ukabilka gimnasioa. Beharrezkoa da kirol arropa eramatea.

17:00: Aurpegia margotzeko tailerrak eta umeen jolasak Saltxako ataripean.

17:00: Scalextric-a Andra Mari plazan.

17:00-19:00: Gurutze Gorriaren erakusketa Hogan's-Luxury plazan.

22:00: Diversion's taldearen kontzertua Andra Mari plazan.

 

Apirilak 27

Goizean zehar: Patata tortilla txapelketa.

10:00-14:00: Dendarien azoka Luxury-Hogan's plazan.

11:00: Herri kirolak Andra Mari plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!