Zornotzan Betarraganeko urbanizazio berria aurkeztu dute

Anboto 2014ko api. 11a, 15:48

Umeendako parke berria, etxebitzak eta azpiegiturak
Urte eta lau hileko lanen ostean, Betarraganen egindako urbanizazio lanen berri eman dute gaur: autoentzako sarrera-irteerak, espaloi zabalak, bidegorria, gune berdeak, umeentzako parkea… Gune berriak herriari ematen dion zabaltasuna azpimarratu dute.

Orain 16 hile, zelai, hesi eta dorretxo elektrikoak besterik ez zeuden tokian,  gaur egun Betarraganeko urbanizazioa dago. Bilakaera honen gaineko xehetasunak eman dituzte gaur udal ordezkariek eta urbanizazioa diseinatzeko ardura izan dutenak. Gaur egun, kooperatiba bidezko etxebizitza bloke bat eraikita dago (oraindik ez da inor bizi) eta etorkizunean eredu bereko beste eraikin bi aurreikusita daude ondoko zelai batean. Eremu horren bueltan hedatzen da urbanizazio berria. 24.600 metro karratutan, espaloiak, bidegorria, autoen sartu-irtenetarako bideak, lurperatutako zaborrontziak, umeendako parke koloretsua eta gune berdeak eraiki dituzte. Guztira, 4,5 milioiko inbertsioa eskatu du proiektu integral horrek.

Zornotzaren azken urteetako hedapenik handiena Betarragane eta Arraibik osatzen duten eremuan kontzentratzen dela adierazi du David Latxaga alkateak: “Gainera, herrigunetik oso gertu dago. Zornotzak asko igarriko duen hedadura eta dimentsioa ematen du gune berriak”.

Autoentzako sarbideei dagokionez, norabide bateko errei batek inguratzen du urbanizazioa: goialdeko biribilgunetik (Gernikarantz doan bidean dagoena) sartzen da eta behealdetik irten. Konbenio kaletik zegoen sarrera, aldiz, piboteekin itxi eta garajeen jabeetara mugatuko dute. Etorkizunean Betarragane ingurua herriguneko auto trafikoa gutxitzeko giltza ere izango dela adierazi dute arrazoi birengatik. Batetik, Gernikatik datozen eta Durangorantz doazen autoen igarobidea bihurtuko da:2014an zehar Artze inguruan biribilgune bat egin, trafikoa Betarraganeko biribilgunera bideratu eta handik N-634rako lotunea eraikiko dute. Bestetik, etorkizunean biribilgunea eta Karmen kalea lotuko dituen bideko hasierako zatia egin dute; lotune horrek ere trafikoa kenduko dio herriguneari.

Bidegorriak urbanizazio osoari buelta ematen dio eta Konbenio kalean bat egiten dau gainerako sareagaz. Azpiegitura berriekin, dagoeneko bederatzi kilometro ditu Zornotzako bidegorri sareak.

Ikusten direnak ez ezik, ikusten ez diren azpiegiturak ere azpimarratu ditu alkateak. Argindar dorretxo denak kendu eta trasformadore zentro bi kokatu dituzte. Urbanizazio berriak beharko duen argindar kopurua horiek eskaini dezaketena baino handiagoa izango denez, Aldekoena inguruko azpiegiturekin lotura egin dute lurrazpitik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!