Txakolin Eguna ospatuko dute Zornotzako tabernariek

Anboto 2014ko api. 12a, 09:00

Aurten, hirugarren bider Txakolin Eguna antolatuko du gaur Luis Urrengoetxea tabernarien elkarteak. Aurreko aldietako harrera beroak animatu ditu ekimena antolatzera.


Luis Urrengoetxea kaleko 11 tabernetan garatuko dute ekimena: Tomasa, Pike Park, Vibe, Urtza, Guria, Belatxikieta, Auzokoa, Leku Berri, Far-Far, Harrison eta Vintage tabernetan. Edateko kopa erosten duenak –2 euro balioko ditu– euro batean dastatu ahal izango du Gorka Izagirre txakolina, ohi baino 50 zentimo merkeago. Tabernak irekitzen direnetik 02:30ean itxi arte egongo da horretarako aukera. Era berean, 13:00etatik 15:00etara pintxo-pote ekimena egingo dute zapatuan: edariak erosiz gero, pintxoak dohainik izango dira.


Oxabi taldearen musika
Txakolin Eguna girotzeko hainbat ekintza prestatu dituzte. Goizean trikitilariak, txistulariak, umeentzako jolasak eta herri kirol erakustaldiak egongo dira. Iluntzean, aldiz, Galdakaoko Oxabi erromeria taldea Luis Urrengoetxea kalean zehar ibiliko da musikagaz giroa alaitzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!