Lemoako Kortederra auzoan dago Bistibietako zabortegia eta hondakin inertizatuen tratamendua gauzatzen du. Talde ekologista baten izenean PSEk azken udalbatzarrean aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten PSE, EAJ eta Bilduk. Zabortegiko kudeaketa txarra dela-eta usain txarra eragotzi eta errekaren kutsadura posiblea eragozteko eraginkorrak diren neurri zuzentzaile gehiago behar direla eskatzen du mozioak. Neurri horiek hartzeko eskatzen diote Jaurlaritzako ingurugiro sailari eta horiek ezin badira gauzatu zabortegiko jarduera behin behinean geratu dezala. Era berean, neurri horiek azkartasun nahikoagaz aplikatzen ez badira Lemoako udalari eskatzen diote zabortegiko jarduera behin behinean itxi dezala. Azkenengo puntu batek, konpentsazio ekonomikoak eskatzen ditu Lemoarentzat, hondakin pasiboak han geratuko direlako.
Bilduko Ibai Gallastegik adierazi zuen “mozioko puntuekin ados” zeudela, baina “ez sarreragaz”: “Akats ugari ditu eta sarreragaz deslotu egiten gara”. EAJk ere sarrerako testuan “nahikoa arrazoitu bako” esaldiak agertzen direla uste du, baina puntuekin ados daude. Jeltzaleen esanetan “helburu argi, amankomun eta egingarria” izan behar dute alberdi denek eta hori “zabortegiaren jarduera geratzea” da: “Hori lehen pausua da mozioan ondoren agertzen diren puntuak lortzeko”.
Zabortegiak hamarkada batetik gora darama Lemoan. Bere biltegiratzeko ahalmena araututako mailara helduko zela aurreikustean berau handitzeko eskaera egin zuten zabortegia kudeatzen duen enpresak. Horretarako Lemoako udalako udabalbatzarrak arau ordezkatzaileen aldaketa puntuala onartu behar zuen. Bozketa horretan EAJk aldeko botoa eman zuela salatu zuen udalbatzarrean Urko Lopez Bilduko zinegotziak. David Latxaga alkateak ingurugiroaren alorreko lege batekin erantzun zion. Lege horrek alkateari (Lemoako alkatea Bildukoa da) zabortegiko jarduera geratzeko eskumena ematen dio udalbatzarreko onespenaren beharrik gabe eta ez duela horrelakorik egin gogoratu zuen.