ETAren dokumentuetan agertutako Zornotzako lau zinegotziei elkartasuna erakutsi diete

Anboto 2014ko apirilaren 1a

Antonio Castellet udalbatzarrean berbetan
ETAk 2007an erabili zuen Ezcaraiko etxebizitza batean hainbat zinegotziren izenak jasotzen zituen menoria txartel bat aurkitu zuten. Zerrendako lau zinegotzi zornotzako udalbatzarrean daudenak edo egondakoak ziren. "Mehatxua gaitzetsi" eta "elkartasuna" erakusteko mozioa onartu zuten azken udalbatzarrean.

 

Antza denez, Ezkaraiko etxea ETAk erabili zuen 2007 eta 2008 artean. Jabeak galdararen azterketa eskatu zuen 2012ko abenduan, eta iturginak barruan aurkitu ei zuen memoria txartela. Guardia Zibilaren eskuetan utzi zuen gero. Aurtengo martxoan izenak hedabideetan agertu dira. Lau Zornotzako udabalbatzarrean zeuden ETAk etxebizitza erabili zuen sasoi hartan: Alberto Borobia, Alicia Hernandez, Belen Saralegi eta Alberto Castellet. Laurak PSE alderdikoak dira eta Castellet-ek oraindik zinegotzia da.

EAJk aurkeztutako mozioak honakoa eskatzen zuen: "zinegotziei egindako mehatxu zuzena modurik irmoenean gaitzestea eta mehatxatuak izan direnei afektu solidarioa erakustea". EAJren eta PSEren aldeko botoekin onartu zen mozioa. Bildu abstenitu egin zen.

Bilduko Urko Lopezek “solidaritatea” erakutsi zien zerrenda agertu diren “lau lagun horiei zein beste denei”. Mozioak ez duela egoera testuinguruan zehatz kokatzen adierazi zuen eta horregatik abstenituko zirela: “Hedabideetan agertu denaren arabera material hori 2008ako zen eta inork itzuli gura ez duena sasoikoa da”. Gaur egun beste egoera bat bizi dela, hala ere hainbat kontu ematen direla eta mozioak horiek ez dituela islatzen adierazi zuen.

EAJren ustez kontua ez da hain aspaldikoa, orain lau-bost urtekoa baizik. David Latxaga alkatearen esanetan, “testuinguruari buruz berba egitea ondo dago, baina lau zinegotziak udalbatzar honetakoak dira edo izan dira, oso gertuko kontua da eta ezin dugu albo batera begiratu; portaera horiek gaitzespen morala izan behar dute”.

PSEko Alberto Castellet-ek adierazi zuen mozio horren osaketan ez duela parterik hartu eta solidaritatea jaso izana eskertu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!