Herrian agertu diren pintadak gaitzesten dituen mozioa onartu dute

Anboto 2014ko apirilaren 1a

Azken aldian herriko espazio publiko zein pribatuetan egin diren pintada kopurua hazi egin dela da EAJk mozioa aurkezteko arrazoia.

 

Zornotzan azken aldian espazio publiko zein pribatuetan agertu diren pintada kopurua hazi egin da. Horregatik, herrian egiten diren pintada denak gaitzestea helburu duen mozioa aurkeztu zuen EAJk. EAJren eta PSEren aldeko botoekin onartu zen; Bildu abstenitu egin zen. Udalbatzarrera deklarazio instituzional lez eramatea zen asmoa, baina hiru alderdiek testurik ezin izan zutenez adostu, mozio moduan aurkeztu zuten. Pintadetan agertzen diren mezuen gainetik, pintadak egitearen beraren kontrako mozioa zela adierazi zuen David Latxaga (EAJ) alkateak: “Mezua gustu onekoak zein txarrekoa izan, orokorrean pintadarik ez egotea gura dugu kutxa publikoei zein pribatuei eragiten dielako. Gaur egun, telekomukazioaren sasoian gaude eta badaude hamaika bide iritziak adierazteko”.

 

Pintada batzuk “gustu txarrekoak” eta “intolerantzia” mezuak dituztenak izan dira mozioak zehazten duenez, “elkarbizitzaren” kontrakoak. PSEko zinegotzi Antonio Castelletek adibide bat ipini zuen: Iñaki Azkunaren inguruko pintada bat: “Hildako baten inguruko pintada hori edukazio txarrekoa eta zakarra da”. Bilduko Urko Lopezen berbetan, “horrelako pintadak ez zaizkigu ondo iruditzen”: “Uste dugu iritziak errespetuz eta pertsonen duintasuna mantenduz egin behar direla”. Ondoren, Bilduren abstentzioa arrazoitu zuen: “Adibidez, herrian agertu den pintadetako bat abortuaren legearen ingurukoa da.  Nahi genuena zen mozioak jasotzea gatazka politiko, sozial eta ekonomikoen gainean udalak konpromisoa hartuko duela horiei irtenbideak bilatzen saiatzeko”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!