Elikadura ekologikoaren kontseiluak Jauregibarrian izango du egoitza ofiziala

Anboto 2014ko api. 1a, 11:18

Jauregibarria baserriko lehen solairuan kokatuko dute egoitza ofiziala
Zornotzako Jauregibarria baserriko lehen solairuan Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren egoitza ofiziala egongo da irailetik aurrera

 

Interpretazio zentroa itxi zenetik Jauregibarri baserriko lehen solairua hutsik zegoen. Interpretazio zentroak kostu ekonomikoa eragiten zion udalari eta gainera eskaini beharreko dena eskainita zuela uste zuten udal arduradunek: “Ez genion ibilbide gehiagorik ikusten”, azaldu du David Latxaga alkateak. Orain, hutsik geratutako espazio hori Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluari utziko diote, bertan bere egoitza ofiziala kokatu dezan. Orain arte Gernikan zegoen behin behineko toki batean. 15 urterako lagapena izango da, beste bost urterako luzagarria izan daitekeena. Lagapena EAJ eta Bilduren aldeko botoekin onartu zuten azken udalbatzarrean. PSE abstenitu egin zen lagapena luzeegia iruditzen zitzaiolako. Prozedura burukratikoa aurreikusitako epeetan gauzatzen bada irailetik aurrera irekiko dute egoitza berria Jauregibarrian.

 

Doako lagapena izango da, baina mantenu gastuen kargu kontseilua egingo da. Beraz, alde horretatik udalari ez dio gasturik eragingo. Jauregibarriako azpiegituretan, besteak beste, nekazaritza ekologikoari lotutako erakusketa iraunkor bat atonduko dute, askotariko hitzaldiak (elikadura osasuntsuaren gainekoak…) eskainiko dituzte eta herriko nekazaritza azoketan parte hartuko dute.

 

Kontseilua eskubide publikodun korporazio pribatua da. Euskadiko nekazal ekoizpenaren eragile-erregistroan izena emandako enpresa eta pertsona denek osatzen dute. Hiru eginkizun nagusi ditu; ekoizpen ekologikoko sistemen ezagutza eta aplikazioa zabaltzea, Euskadiko produktu ekologikoen kontsumo eta hedapenean eragitea eta nekazaritza eta elikadura ekologikoaren ekoizpena kontrolatzea eta ziurtatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!