Zahartze aktiboa sustatzeko helburua du Nagusi Aretoak

Anboto 2014ko mar. 28a, 08:52

Ohiko aisialdi eskaintzatik haratago joan gura dute Zornotzako zentro berrian

 

Joan zen hilean nagusiei bideratutako zentro berri bat sortzeko obrak hasi zituzten Gudari kalean, sasoi bateko postetxea zegoen eraikinean. Nagusi Aretoa deituko den zentroak aisialdirako aukera berriak eskainiko ditu. Ohiko aisialdi eredutik harago, zahartze aktiboari lotutako aisialdi plangintza diseinatu eta garatu gura dute bertan.

Gune berri horren beharrizana adierazi du Itsaso Iriondo Gizarte Ongizateko zinegotziak: “Biztanleria gero eta luzaroago bizi da zorionez, eta pertsona nagusi gehiago gaude. Konturatu ginen batzuek ohiko aisialdia gura dutela, baina beste hainbatek euren denbora librea betetzeko eta aktibo jarraitzeko beste aisialdi mota bat eskatzen dutela”. Ohiko aisialdirako beharrizanak Nafarroa zentroak estaltzen ditu; Nagusi Aretoak aisialdi aukera berriak jorratzea da asmoa. Hori guztia gaian aditua den dinamizatzaile batek kudeatuko du. Hasierako eskaintza prestatzerako orduan nagusiek behin baino gehiagotan adierazitako proposamenak erabiliko dituzte abiapuntutzat: arlo kulturalean (konferentziak, museoetara irteerak…) ongizatearen gainekoak (elikadurari buruzko hitzaldiak, autoestima tailerrak…) eta abar. Baina zentroa irekitzen denetik aurrera, bertako eskaintza diseinatzerako orduan nagusiek parte hartze zuzena izatea ere bada helburua: “Zentroari bizitasuna nagusiek eurek eman diezaiotela nahi dugu”, adierazi du Iriondok.

 

Epeak eta espazioaren banaketa

Nagusi Aretoa egiteko 200.000 euroko inbertsioa egingo dute. Otsailean hasi zituzten obra zibilak eta lau bat hile iraungo dute. Ondoren, barrualdea ekipatuko dute eta zentro berria irailean inauguratzea da helburua, ikastetxeetako kurtso hasieragaz batera. Barrualdeak 140 metro karratu ditu eta bertan hainbat gela atonduko dituzte: harrera gela, erabilera anitzeko gela (gela bitan banatu daitekeena), ziber-kafea hainbat ordenagailugaz eta komunak, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!