Musika eta bertsoak bihar, Gazte Egunean

Anboto 2014ko mar. 21a, 10:18

Zornotzako Gazteak elkarteak askotariko ekitaldiez osatutako Gazte Eguna antolatu du biharko. Iaz antolatu zuten lehenengoz, eta orduko “harrera onak” aurten ekimena errepikatzera animatu ditu, Zornotzako Gazteak elkarteko Enara Lauzirikak azaldu duenez.


Zelaieta Parkean elkartuko dira 13:00etan, eta txupinazoa botata emango diote hasiera egun osoko jaiari. Gune hartan erraldoiak eta joaldunak egongo dira giroa animatzen, guztiak herrikoak.


Ondoren, 15:00etan, bazkaritara batuko dira parke gorrian atondutako karpan. Iaz 300 lagunetara mugatu zuten bazkaria, eta eskaera handia egon zenez, batzuk txartela erosi ezinik geratu ziren. Horregatik, kopurua 350 lagunetara handitu dute. Bazkalostean bingoan jokatu ahalko da, eta, ondoren, bertsolari bik saioa eskainiko dute: Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak eta Txaber Altube abadiñarrak.


Segidan, kalejira bat antolatu dute parke gorritik abiatuta. Kalejira hori Gasteizko Ttek! elektrotxarangak animatuko du; Luis Urrengoetxeako ostalariek lagundu diete txaranga hori ekartzen. Ametx erakundeak ere lagundu die hainbat azpiegiturekin.


Gazte Eguna musika kontzertuekin amaituko dute. 21:00etatik aurrera, Arratia eta Zornotzako kideek osatutako Zeinke, Abadiñoko Kruders eta Zornotzako Zirkinik Bez taldeek zuzenekoa eskainiko dute parke gorriko karpan. Zeinkek etorri ezin duen Blanco y en botella taldea ordezkatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!