Urteko azken hiruhilekoan ekingo diote osasun zentroa eraikitzeari Zornotzan

Anboto 2014ko mar. 12a, 15:15

A. Agirrebeitia zinegotzia, J. Etxebarria Osakidetzako zuz., D. Latxaga alkatea, J. Darpón sailb. eta A. Madariaga zinegotzia.
Zentro berriak 18.000 zornotzar artatuko ditu, eta 4.000 metro koadro inguru izango ditu

 

Jon Darpón Osasun sailburua, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia eta David Latxaga alkatea bildu ziren atzo, Zornotzako osasun zentro berriaren inguruan berba egiteko. Batzarraren ostean, proiektu berria eraikiko duten orubea bisitatu zuten. 1.730 metro koadroko azalera duen orubea Zornotzako San Migel eta San Juan kaleen elkargunean kokatua dago. Darponek azaldu duenez, “osasun zentro berri baterako oso kokapen ona da”. 

Anbulatorioaren datuak

Osasun zentro berrian 18.000 herritar artatuko dituzte. 2014ko azken hiruhilekoan eraikitzen hastea aurreikusi dutela aurreratu du sailburuak. Eraikinak lau solairu izango ditu, eta guztira 3.814,35 metro koadroko azalera hartuko du. 

Jaurlaritzako arduradunek diotenez, martxoan plan funtzionala berrikusiko dute, eta iraila baino lehen obra esleituko dute. Epeak betez gero, osasun zentro berriko lanak 2016ko bukaeran amaituta egongo dira. Bi urteko epean, beraz, anbulatorio berriaren proiektua errealitate bihurtzea dutela helburu jakinarazi dute. 

Zerbitzu aniztasuna

Anbulatorioak eskainiko dituen zerbitzuen inguruko informazioa jakinarazi dute. Batetik, arreta gunea izango du. Bestetik, lehen arretarako gunean, 14 familia medikurentzako kontsultategiak izango dituzte dagozkien erizaintza kontsultategiekin batera. Pediatria arloan, pediatriako kontsultategi bi eta erizaintza pediatrikoko beste bi izango dituzte, edoskitze gela eta guzti. Gainera, proba osagarriak egiteko eta odola ateratzeko guneak ezarriko dituzte. Emakumeen beharrizanei begira, ginekologia zerbitzua, emagina eta erditzea prestatzeko gimnasio zerbitzua eskainiko dituzte. Era berean, errehabilitaziorako lekua prestatuko dute.

Jon Darpón Osasun sailburuak Zornotzako udal arduradunei bileran azaldu dienez, mantentze-lanak jasangarriagoak izateko eta ingurumena errespetatzeko mekanismoak izango ditu eraikinak: “Obrak aurten hastea albiste ona da guztiontzat: Osakidetzak inguruan ematen duen zerbitzua hobetzea eragingo du, eta udalak aspalditik egindako eskaerari erantzungo dio”. Gainera, Latxagari Osakidetzagaz lankidetzan aritzea eskertu dio. Izan ere, udalak anbulatorioa eraikitzeko orubea Osakidetzari utzi dio.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!