"Estresa kudeatzeko bi bide daude: egoera konpontzea edo onartzea"

Anboto 2014ko mar. 13a, 09:00

Estresarekin bizitzen ikastea ez da erraza; Soraia Diez psikologoak estresak eragindako sentsazioak eta emozioak kudeatzen irakasteko mintegia zuzentzen du Zornotzako Zelaieta zentroan. Erabakiak hartzea ei da gakoa, erabakia ezer ez egitea izan arren

 

Garapen pertsonalaren gaineko mintegietan estresa izango duzue berbagai.

Ikastaroaren helburu nagusia pertsonek estresaren prosezua zelan sortzen den ulertzea da, hau da, noiz sentitzen duten estresa. Estresa pertsona bakoitzean ezberdina da. Izan ere, sentsazio hori eragiten duen elementua pertsona bakoitzean ezberdina da. Pertsona batek estresa zelan sortzen den ulertzen badu, estres hori kudeatzeko erremintak erabili ahal izango ditu.

 

Estresa noiz bihurtzen da arazo?

Estresa garapen ebolutibo guztiaren ondorio da. Orain milaka urte ezinbestekoa zen bizirauteko. Estresa mehatxu baten aurrean ematen den erantzun inkontziente eta instintiboa da. Arrisku bat identifikatu eta gorputza martxan jartzen da. Sasoi hartan borrokan egin edo ihes egiteko erabiltzen zen. Arazoa da erreakzio instintibo horrek gure genetikan jarraitzen duela, baina psiko-sozialak dira gaur egun aurre egin behar izaten diegun arazo gehienak. Beraz, ezin dugu borrokatu ez eta ihes egin ere. Beraz, hori frustazio edo geldiarazitako energia bihurtzen da, eta antsietatea eta estresa sortzen dira. Lan edo familia arloan antsietatea sortzen dizun egoera bat baduzu, egoera hori kudeatu behar duzu; baina sarritan ez da jakiten zelan kudeatu. 

 

Estresa arazoen konponbideagaz zuzenean erlazionatuta dago, beraz.

Estresa kudeatzeko bi gako daude: egoera konpontzea edo onartzea. Ez dago beste biderik. Tailerrean estresaren oinarri teoriko guztia azaltzen dugu. Argi uzten dugu estresa buruaren eta gorputzaren arteko konexioa dela. Meditazioa erabiltzen dugu sentsazio horiek gorputzean kudeatzeko, eta argi ikusteko zer egin beharko genukeen. 

 

Gorputzak esaten diguna zelan irakurri dezakegu?

Gure gorputzak modu automatikoan funtzionatzen du. Gure burua leku batean eta gorputza beste batean balego bezala izango litzateke. Estimulu baten aurrean berdin erantzuten dugu. Batzuetan hau pentsatzen dugu: “Zergatik haserretzen naiz beti gauza honekin?”. Badakit gertatuko dela, eta ezin dut kontrolatu nire haserrea. Gorputzera heltzen da, eta erreakzionatu egiten du. Ondoren, gure buruak interpretatu egiten du. Beranduago emozioa dator: haserreak, negarrak, buruko minak eta tripako minak, adibidez

 

Meditazioa erabiltzen duzue estresa kudeatzeko.

Meditazioak gorputza entzuten laguntzen digu. Gure buruaren behatzaile bihurtzen gara. Esate baterako, identifikatu dezakegu tripako mina sentitzen badugu, hau pentsatzen eta bestea sentitzen dugulako dela. Ezin da pentsatu sintoma bakartu bat denik. Gorputza entzun behar dugu, eta geure buruari galdetu gure inguruan zer gertatzen den estres hori sentitzen dugunean. 

Estresa kontrolatzea posible da?

Kontrolak berak estresatu egiten du. Beraz, kontrolari buruz beharrean, behatzeari buruz berba egin behar dugu. Behatu eta gero egin gura dugunaren inguruan jarrera bat hartu behar dugu. Nire buruaren eta nire erabakien jabe izan behar dut, erabaki hori ezer ez egitea izan arren. Nire ustez gakoa hauxe esatea da: “Ni neu naiz egoera honen aurrean ezer ez egitea eta elkarrekin bitzitzea erabaki duena”. Meditazioa erabili daiteke gure emozioen intentsitatea jaisteko. 

 

Erabakiak hartzea edo ez hartzea erabakigarria da, beraz. 

Mundua ulertzeko modua aldatu daiteke. Esate baterako, gustatzen ez zaidan lan bat badut, bi aukera ditut: lana aldatu dezaket, edo lan honek sortzen dituen emozioak kudeatu ditzaket. Emozio negatiboak positibo bilakatu ditzaket. 

 

Gure bizitzan estresak duen eraginari behar besteko garrantzia ematen diogu?

Garrantzitsua da adi egotea. Pertsonok estres maila jakin bat jasateko gai gara. Pixka bat ona izan daiteke. Baina estres maila altuak ez dira osasungarriak, eta beti ez gara hautemateko gai. Ehun kilometro orduko auto batean joango bagina bezala da. Badakizu abiadura mantentzea frenatzea baino errazagoa dela. Hala ere, abiadura horretan jarraituz gero, gasolina gehiago gastatzen duzu, autoa hondatu egiten da... Jende askori gertatzen zaio aktibitate maila altua mantentzen duela, eta egun batetik bestera ezin duela gehiago. Hala ere, badago bere burua behatzeko gaitasun handiagoa duen jendea ere, eta estres seinaleak arinago identifikatzen dituenez, ez da beheraldi horretara heltzen. 

 

Zein ondorio izan dezake estresak? 

Krisi batean sartu eta depresiora heltzeko arriskua egon badago. Beste ondorio batzuek ongizate pertsonalarekin zerikusia dute. Bizitzaren alde ona hautemateari uzten diot, beti alerta egoeran nagoelako, eta ez dut momentu onez gozatzen. Tentsioa sortzen dut familiako giroan. Harremanetan hausturak sortzen ditut. Gustuko ditugun gauzak egiteari uzten badiogu, atsekabea sortzen da. Osasuna, ongizatea eta zoriontasuna galtzea da, beraz, ondorio nagusia. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!