Badator hamahiru eguneko jai giroa Karmengo jaietara

Anboto 2013ko uzt. 9a, 10:41

Uztailaren 15 iluntzen CD Zornotzak botatako pregoiagaz hasiko dituzte aurtengo Karmenak Amorebieta-Etxanon. Besteak beste, Zornotzako Nazioarteko Krosaren antolatzaile da kluba, eta bere lana aitortzeko erabaki dute aurten pregoia kirol elkarteak ematea

Uztailaren 15 iluntzen CD Zornotzak botatako pregoiagaz hasiko dituzte aurtengo Karmenak Amorebieta-Etxanon. Besteak beste, Zornotzako Nazioarteko Krosaren antolatzaile da kluba, eta bere lana aitortzeko erabaki dute aurten pregoia kirol elkarteak ematea.

 


Hamairu eguneko jaietarako motorrak asteburu honetan hasiko dira berotzen. Zapatuan 14.Rallysprinta egingo dute, eta domekan Open Karmenak Scalextricaren txanda izango da.

 


Andoni Agirrebeitia kultura teknikari eta jai batzordeko lehendakariak eta David Latxaga alkateak eman dute egitarauaren berri. Jaietan herriko elkarteek eta norbanakoek duten parte hartzea nabarmendu dute Agirrebeitiak eta Latxagak.


Txosnetako kontzertuak

Aurten ere txosnentzako bi gune egongo dira jaietan: Ogenbarrena auzoan bost txosna egongo dira, eta Zubiondon lau. Zubiondokoak uztailaren 15ean zabalduko dituzte, eta Ogenbarrenakoak, uztailaren 19an.  Zubiondon, besteak beste,  Bongo Botrako –uztailaren 15ean–, Kalakan –uztailaren 16an– eta Memoria de Pez –taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Ogenbarrenan Hesian eta EHSukarra izango dira lehen gonbidatuak, hilaren 19an. Zain eta Narcok uztailaren 24an eskainiko dituzte kontzertuak. Gozategi ere etorriko da Zelaietara uztailaren 21ean.

 


Koadrilek uztailaren 19ko koadrilen egunaz gainera, play back txapelketa edukiko dute uztailaren 17an, eta piragua jaitsiera uztailaren 24an. Gainera, aurten lehenengoz, uztailaren 25eko goizaldean Erotic Urban Cross edo kantzontzilo eta kulero lasterketa egingo dute.

 


Koadrilentzako beste egun berezi bat marmitakoaren eguna izango da. Iaz lehiaketan 2.000 parte hartzaile baino gehiago batu ziren, eta aurten ere antzerako parte hartzea espero dute uztailaren 20an. Lehiaketan izena emateko azken unea uztailaren 15ean izango da, 14:00etan.

 


Horrez gainera, Sete Sóis Sete Luas nazioarteko jaialdiko kontzertu bi ere izango dira Zubiondon. Portugaleko eta Italiako musikaz gozatzeko aukera izango da.

 


Umeentzako, aurten abentura-parkea antolatu dute lehengoz, Karmen Egunerako, Zelaieta parkean.
Nagusienek betiko doinu dantzagarriez gozatu ahalko dute Varadero berbenagaz eta Los cinco bilbainos taldeekin.

 


Kirol jardueren artean, Karmen Eguneko polita-partidetan Olaizola II txapeldunak jokatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!