Ertzaintzak bizirik aurkitu du desagertutako adin txikikoa, Lemoan

Anboto 2010ko mar. 10a, 09:44

Astelehen iluntzean desagertu zen 12 urteko gaztetxoa, ingeleseko klasetik etxerako bidean. Atzo arratsaldean aurkitu zuten Lemoako Elorriaga auzo inguruan. Azterketa baten emaitzaren osteko eztabaida izan ei zen ihesaldiaren arrazoia.

Astelehen iluntzean desagertu zen 12 urteko gaztetxoa, ingeleseko klasetik etxerako bidean. Atzo arratsaldean aurkitu zuten Lemoako Elorriaga azuo inguruan. Azterketa baten emaitzaren osteko eztabaida izan ei zen ihesaldiaren arrazoia. Iker izeneko 12 urteko zornotzarra Lemoako bide batean aurkitu zuen Ertzaintzaren patruila batek. Antza denez, inguruko borda baten pasatu zuen gaua. Ikerren desagerpena eta hura aurkitzeko herritarrei laguntza eskatzea azkar zabaldu ziren jendearen artean, eta eguerdirako 300 boluntario inguru herriko eta inguruetako bazterrak miatzen hasi ziren. Bere argazki eta datuen zabalpenak ahalbidetu zuen umea topatzea; Ertzaintzaren arabera, auzotar batzuek eman zuten abisua, Lemoako baso-bide batean ikusi zutela-eta. Osasuntsu baina goseagaz eta nekatuta agertu zen Iker. Azterketa batean gutxiegiko kalifikazioa atera zuen, eta amak egindako errieta ei dago ihesaldiaren oinarrian. Familiak atsedena behar zuela azaldu zuen arratsaldeko prentsaurrekoan, eta eskerrak eman zizkien boluntario eta herritar guztiei. Komunikabideei ere eskerrak eman zizkien familiak; oihartzun handia izan zuen albisteak, baita Interneten ere. Esaterako, Euskadiko Futbol Federazioan ere agertu zen oharra. Eusko Jaurlaritzaren Emergentziazko Arreta zerbitzuak koordinatu du bilaketa eta Gurutze Gorriaren, Ertzaintzaren eta Herri-babes saileko laguntza izan dute, besteak beste.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!