Xabi Etxeita: "Neuk ere ez nuen itxaroten lesiotik hain arin errekuperatzea"

Anboto 2010ko mar. 5a, 13:56

Xabi Etxeitak (Zornotza, 1987) Cartagenan jokatuko du, denboraldia amaitu arte, Athleticek utzita. Pubiseko lesioa gaindituta, esperientzia hartzea du helburu.

Xabi Etxeitak (Zornotza, 1987) Cartagenan jokatuko du, denboraldia amaitu arte, Athleticek utzita. Pubiseko lesioa gaindituta, esperientzia hartzea du helburu. [imgd]http://www.anboto.org/images/7100/7194/1.jpg[/imgd] Aste bi daramazu Cartagenan. Zelan joan dira lehen egunak? Harrera oso ona izan dut klubaren zein taldekideen partetik. Egia esanda, hauxe da etxetik kanpora bizi naizen lehenengo biderra, eta baneukan kezka apur bat, baina dena oso ondo joan da; hemendik aurrera futbolean bakarrik pentsatzeko moduan nago. Herria bera zelakoa da? Azkeneko urteetan asko hazi den herria da. Ez nuke esango herri zoragarria denik, baina badauzka toki politak. Erdigunea eta portua berriztuta daude, eta pasealeku politak dauzka. Eguraldiari dagokionez, ez du nik itxaroten nuen egun onik egin; etorri naizenetik hiru-lau egun eguzkitsu bakarrik egin ditu. Zelan eman da Cartagenan Athleticek utzita jokatzeko operazioa? Beste eskaintzarik izan duzu? Abenduan Cartagenak ni fitxatzeko interesa erakutsi zuen. Beste talde batzuk ere agertu ziren, baina pubisetik operatu ondoren Cartagenak nigatik interesatuta segitzen zuen, eta hori detaile garrantzitsua izan zen erabakia hartzeko orduan. Etxetik kanpora, talde eta bizimodu berria… Kostatu zitzaizun erabakia hartzea ala argi zenuen horixe zela bidea? Banekien Athleticen ez nituela minutu asko izango, eta orain partiduak jokatzea eta esperientzia hartzea komeni zait. Ez da hartu behar, beraz, atzerapausu moduan. Ez. Atzerapausua dela kontsideratu banu ez nintzen etorriko. Gainera, taldea ondo dabil ligan, eta ea esperientzia polita bizitzeko aukera daukadan. Cartagena hirugarren dago, igoera postuan. Ez da bigarren mailan lehiatzeko aurkitu daitekeen talderik txarrena. Iaz igotzea lortu zuten, eta aurten, orain arte, oso denboraldi ona egin dute. Dena dela, bigarren mailan bigarren itzuliak luze egiten dira. Partidu asko falta da, baina egia da hor goian gaudela, eta polita izango litzateke azkeneko jardunaldira arte igotzeko borrokan ibiltzea. Entrenamenduetan ere borroka egin beharko da hasierako hamaikakoan tokia irabazteko. Hori argi dago. Inork ez dit ezer oparituko, eta egin behar dudana da egunero gogo biziz entrenatu, entrenatzaileak jokatzeko aukera eman diezadan. Urtarrilean pubisetik operatu zintuzten Alemanian, Munichen. Halaxe da. Urte osoa neraman minekin, eta irtenbiderik onena operatzea zela erabaki genuen. Zorionez, ebakuntzak ondo irten zuen, eta oso pozik nago. Sarritan lesio horiek izaten dira erabakia hartzeko gaitzenak. Ez dute jokatzea eragozten, baina arazoak hortxe segitzen du. Denbora asko neraman arazo horregaz. Aurretik beste irtenbide batzuk probatu nituen, pubis ingurua sendotzeko ariketak, esaterako, baina denbora joan ahala beste irtenbide bat eman behar zitzaiola erabaki genuen. Hilabete pasatxo joan da ebakuntza egin zizutenetik. Lesioa guztiz ahaztuta daukazu? Bai. Astebete daramat taldekideekin normal entrenatzen. Egia esanda, hain denbora gutxian errekuperatzea neuk ere ez nuen itxaroten. Ea erritmoa hartzen dudan eta jokatzeko prest nagoen laster. Amorebietagaz hirugarren mailan jokatu zenuen; Bilbao Athleticegaz bigarren B mailan eta handik lehenengo taldera egin zenuen salto. Lehenengo biderra izango duzu bigarren mailan. Egia da. Maila gogorra da, eta Betis edo beste talderen bat kenduta, beste guztiak antzekoak dira. Normalean taldeak taktikoki landuta egon ohi dira, eta gaitza da partiduak irabaztea. Amorebieta taldean jokatutakoa zara. Jarraitzen duzu zure gaztetako taldearen ibilbidea? Lider daude hirugarren mailan. Segitzen dut, bai, taldearen ibilbidea. Partiduren bat edo beste ere ikusi dut. Ea aurrerantzean martxa berean segitzen duten eta mailaz igotzeko moduan dauden. Oso lorpen polita litzateke herriarentzat. Lorpen polita eta sekula lortu bakoa. Inoiz ez du bigarren B mailara igotzea lortu, ez. Ni egon nintzen urtean play-offetarako sailkatu ginen, eta gero Barbastrok kanporatu gintuen. Etxean jokatu genuen lehenengo, eta kanporaketa gainditzeko aukera geneukala joan ginen hara. Gu aurreratu ginen, eta partiduaren azkenetan kontrako penalti bat adierazi zigun epaileak. Azkenean kanpoan geratu ginen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!