Zaldibartarren ahotsa eta testigantzak jaso dituzte 'Zalduko urak' antologian

E.H.

Liburuaren azala. PAMIELA

Gaizka Zabartek eta Joseba Sarrionandiak Zaldibarko berbeta eta literatura: Zalduko urak liburua kaleratu dute Pamiela argitaletxeagaz.

Saiakera zaldibartar askoren ahotsagaz ondu dute, XX. mendetik honako herritarren argitalpenak eta testigantzak bildumatu dituzte-eta bertan. Zabartek adierazi duenez, irakurleak "ipuinak, antzerkiak, erreportajeak, bertsoak, testu historikoak eta margolanak" topatuko ditu orrialdeetan zehar: "Esan daiteke liburua antologia bat dela, zaldibartar askoren obra kolektiboa. Azken 125 urteotan udalerria zer izan den eta gaur egun zer den erakusten du. Bost-sei belaunaldiren ahotsak daude jasota oso modu desberdinetan". Antologia hori optika euskaldun bategaz eginda dagoela nabarmendu du idazleak. "Liburuak hartzen duen denbora-lerroa Zaldibar guztiz euskalduna zenetik gaur artekoa da. Hor euskarak izandako desplazamendua eta horren aurrean zaldibartarrek erakutsitako erresistentzia ageri dira", gaineratu du. Liburuaren aurkezpen publikoa irailaren 16an egingo dute, eguaztenean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Plaza Barrian. 11:00etan izango da. Aurrerago, urriaren 7an, Zaldibarren bertan egingo dute aurkezpena. Ekitaldi bat prestatzen dabiltza horretarako. Liburuko eduki batzuk eszenaratuko dituzte. Ekitaldia ospitaleko kaperan izango da. Liburuaren aleren bat erosi gura dutenek dagoeneko badute horretarako aukera. Eskualdeko liburu-dendetan zein Interneten dago salgai.

Zaldibarkoa bigarrena da eskualdeko udalerrietako antologien artean. 2024an kaleratu zuten lehenengoa, Iurretakoa, Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak izenburupean. Etorkizunean, udalerri gehiagotako antologiak kaleratuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!