Zaldibarko EAJk EH Bildu kritikatu du, haren hauteskunde programako "hainbat proposamen" oraindik "gauzatu barik" daudela edo "aurrerapen esanguratsurik barik" garatu direla iritzita. "Adibiderik argienetako bat" EH Bilduk "kaleen garbiketa, mantentze-lanak, argiztapena eta margoketa hobetzeko hartu zuen konpromisoa da" jeltzaleen berbetan. Alabaina, kritikatu dutenez, udalerriak "arazoak" ditu "oraindik ere, garbitasun faltarekin, kartelekin eta pintaketekin". Espazio publikoaren zainketak herritarren bizi kalitatean "eragin zuzena" duela defendatu du EAJk.
Talde jeltzaleak beste proiektu bat ere kritikatu du, Parkeko Hoteleko bigarren solairuan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeari buruzkoa, hain zuzen. Proposamen hori "gauzatu barik" dagoela esan dute, eta "udalerrian etxebizitza sozialaren eskaintza handitzeko beste inolako jarduketarik" ere ez dela egin gaineratu. Era berean, Berdintasun Kontseilua "geldirik" dagoela kritikatu du EAJk, batzorde horrek "urtebete baino gehiago baitarama deialdirik egin barik". San Andreseko gizarte etxeari buruz, legealdi osoan ez dela "ezelako urratsik egin" kritikatu dute. EAJren esanetan, "hauteskunde-promesek herritarren aurrean itxaropenak eta konpromisoak sortzen dituzte. Hiru urte igaro ondoren, EH Bilduk zaldibartarren konfiantza eskatzeko aurkeztu zituen proposamenetako asko oraindik ez dira egintza bihurtu".