LABek salatu du Mecanizados Mecarrek beharginak "itotzen" dituela "ekoizpen eskakizun altuekin"

E.H. 2026ko ekainaren 12a

Sindikatuaren arabera, enpresak "langileen aurkako indarkeria" darabil ekoizpenak lortzeko: "Kronometroak" eta "metodo fisikoak" aipatu dituzte presioa eragiteko neurrien artean.

LAB sindikatuak Zaldibarko Mecanizados Mecar enpresaren jarrera salatu du publikoki, "langileen aurkako indarkeria" darabilelakoan. Sindikatuak dioenez, "enpresa langileak itotzen dabil ekoizpen eskakizun altuekin". Eta ekoizpen horiek lortzeko moduen artean, "hitzezko presio-metodoak", "metodo fisikoak", "kronometroak" eta "bestelako jardunbide ez-ortodoxoak" zerrendatu dituzte. 

Lan-giro horren ondorioz, langile batek "antsietate krisi larria" jasan duela, eta "enpresak ez ziola arretarik eskaini ere egin" kritikatu du sindikatuak: "Enpresak uko egin zion mutualitatearentzat partea egiteari eta, ondorioz, langileak mediku-arreta jasotzea eragotzi zuen", salatu dute. LABek langileen osasuna "lehenestea" eskatu dio enpresari.

Mecanizados Mecar Zaldibarko industrialdean dago, Euskal Herria etorbidearen amaieran. LABen datuen arabera, lantegiak 20 behargin ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!