Aspaldian, gero eta ohikoagoa da gazteen jokabide desegokien inguruko kontuak entzutea. Halakoetan, askotan ondorio bera ateratzen da: gazteak gero eta okerrago portatzen direla eta neurri zorrotzagoak behar direla hartu. Baina, benetan aldatu al dira gazteen jokabideak?
Gazteen portaera desegokiak beti existitu dira. Gaztaroak berez dakar arauak probatzeko joera, mugak gainditzeko tentazioa eta akatsak egiteko arriskua. Ez da gaurko kontua, betidanik egon da. Alderik handiena, erantzunean egon daiteke. Lehen, familiek, auzokideek edo komunitateak parte hartzen zuten konponbidea bilatzeko. Gaur egun, ordea, zoritxarrez, ohikoa bihurtzen ari da bide polizial edo judizialetara jotzea. Salaketa da sarritan lehen urratsa, askotan pentsatu gabe zelako ondorioak izan ditzakeen adin txikikoarengan eta haren familiarengan. Ez lege-mailako ondorioak soilik, baita sozialak ere. Izan ere, arazoa konpontzen lagundu beharrean, are gehiago sakontzeko arriskua ekar dezake bide horrek. Gazteek zigor “eredugarrien” bitartez ikasiko dutela eta berriro gertatu ez dadin, hasieratik muturreko erabakiak hartzea beharrezkoa dela pentsatzen dute batzuek. Eta beharbada, arrazoia izango dute.
Baina bagaude oraindik bestelako bideetan sinesten dugunak ere, arazoei aurre egiteko biderik eraginkorrena hezkuntzan, laguntzan eta berriro hasteko aukeretan oinarrituta egon behar duten neurrietan sinisten dugunak. Bazterrean dabilen gaztea are gehiago baztertuz, nekez lagunduko baitugu bere bidea zuzentzen. Adin txikikoekin lan egiten duenak arauak zaindu behar ditu, baina baita balioetan hezi ere, benetan ingurune hezitzailea eskaintzen ari garela sinisten badugu. Horregatik, agian, merezi du galdera hau egitea: salaketa eta zigor “eredugarrietatik” harago, ez ote genuke gehiago pentsatu behar neurri hezitzaileetan, elkarrizketan eta integrazioan oinarritutako bideetan?