Zergaitik erabaki zenuen euskara ikastea?
Zaldibarren jaio nintzen arren, nire familia ez zen euskalduna. Gurasoek ez zekiten euskaraz, baina nik txiki-txikitatik izan nuen euskara ikasteko grina. Azken finean, bertakoa izateko eta euskalduna izateko, euskara ikasi behar nuelako. Erabaki naturala izan zen. Eskolan A ereduan nenbilen eta ikusten nuen hainbat lagun euskaraz zebiltzala. Nekien apurra erabiltzen nuen haiekin, baina oso argi neukan euskara ikasi gura nuela.
Eta halantxik, AEKn eman zenuen izena.
Txikitan sartu nintzen AEKn, Zaldibarko gau eskolan. 13-14 urte izango nituen orduan, eta neu nintzen ikaslerik gazteena. Pentsa! Ume bakarra nagusi guztien artean! Hori ere oso naturala izan zen. Umea nintzenez, oso zaindua eta oso maitatua sentitzen nintzen klaseetan. Eta azpimarratu beharra daukat pertsona batek, Mila Elespek, izugarri lagundu zidala. Zaldibarko gau eskolako irakaslea zen, eta berari eskerrak daukat orain euskara. Gero, Durangoko AEKra joaten hasi nintzen, eta barnetegietan ikasi nuen uztailean. Bien bitartean, Elespek Zaldibarren jarraitu zuen hemengo gurasoak euskalduntzen. Beti diot AEK bihotzean daramadala.
AEK bihotzean.
Beti sentitu naiz familia batean legez, joan nintzen lehenengo egunetik. Urte horiek gozamen hutsa izan ziren niretzat. Julio Aranguena izan zen nire lehenengotariko irakaslea, eta lagun handiak egin ginen. Egia esanda, AEKko kide guztiekin primerako hartu-emana izan dut. Dena delakoagaitik euskaltegira bisitan joaten naizen aldiro, etxean sentitzen naiz, oso gustura.
Ibilbide horri eskerrak, hizkuntza ohiturak aldatu dira zugan?
Gaur egun euskara da gure etxeko hizkuntza. Euskaraz bizi naiz senarragaz eta semeagaz. Lanean ere badarabilt, hezitzailea naiz eta.
Inoiz sentitu duzu 'euskaldun berri' etiketaren zamarik?
Gaur egun ez. Beti harro esan dut euskaldun berria naizela. Hori bai, garai batean, maketoa nintzen. Izan ere, gurasoak kanpokoak izanda, Burgosekoak, eta halakoak maketoak ziren. Momentu batzuetan, kostatu egin zitzaidan integrazio hori lortzea, eta askotan entzun behar izan dut "O! Zure gurasoak Burgosekoak izanda zeinen ederto egiten duzun euskaraz". Bestalde, bazegoen min handia eragiten zidan zerbait. Euskara zekitenek ez egitea, ez erabiltzea. Ezin nuen ulertu euskara zekitenek ez erabiltzea ikusita niri zenbat kostatzen zitzaidan ikastea. "Altxor bat izan arren, erdaraz egiten duzu? Benetan?" pentsatzen nuen. Ez nuen ezer ulertzen.
Alde horretatik, zelan ikusten duzu Zaldibar?
Zaldibar euskalduna da, baina gainerako lekuetan legez egoera ez da erraza. Umeek badakite, baina eskolatik irteten direnean askotan ez dute erabiltzen. Semearen kuadrillan ikusten dut hori. Denek dakite euskaraz zoragarri, baina gero erdarara jotzen dute euren elkarrizketetan. Baina, tira, nik kalean denekin egiten dut euskaraz, dendetan zein lagunekin. Euskara entzun entzuten da Zaldibarren, baina hemen ere borrokan gabiltza hizkuntzari eusten.
Korrika laster sartuko da Zaldibarren eta Durangaldean. Zelan biziko duzu?
Ez dakit zelan azaldu: Korrika, niretzat, altxor bat da. Hunkitu egiten naiz. Oso sentibera naiz berez, eta gogo biziz nago ikusteko, Korrikaren barruan sartzeko, gainerako herrietan korrika egiteko.
Beste herri batzuetara ere joaten zara Korrikara?
Bai. Atharratzeko irteeran ezin izan nintzen egon, baina ahal dudan guztietan joaten naiz irteerara. Berdin beste herri batzuetan parte hartzera ere. Aurrekoan, adibidez, Zumaian parte hartu nuen. Izan ere, Korrika hizkuntza baten alde egiten den egitasmo berezia da munduan, zerbait bakarra. Hor erakusten da zenbat maite dugun hizkuntza hau, nahiz eta gero, egunerokotasunean, agian ez den hainbeste ikusten. Baina ekintza bera, jarraitzaile kopurua, izugarria da.
Bilboko amaieran ere ikusiko zaitugu?
Jakina! Zalantzarik barik!
Korrikazale amorratua zarela erakusteko, beste adibide bat: elkarrizketa honetara makina bat petogaz agertu zara.
Hona ekarri dudana nire altxor txikia da: orain arte erabilitako peto guztiak dira. Korrikaren ia edizio guztietako petoak, lehenengoz parte hartu nuenetik. Nire lehenengo petoa 5. Korrikakoa da. Zaldibarko gau eskolan ikasle nintzela jantzi nuen, eta orduantxe hartu nuen lekukoa lehenengoz. Momentu hartan ez dakit oso kontziente nintzen Korrikaren esanahiaz. Edozelan ere, pozarren eraman nuen lekukoa. Gero, denbora batera konturatu naiz horren indarraz. Izan ere, urteak aurrera doazen arren, emozio berdina sentitzen dut. Ikusten dut Korrika gozamena dela denontzat. Bestalde, etxean Korrikako lekukoaren erreplika daukagu. Egurra lantzen dugu, eta Carlos Pradrerak lekukoa egin zuen. Zaldibarko eskolako umeek lekuko hori erabiltzen dute Korrika txikian.
Zer du Korrikak gu hainbeste hunkitzeko?
Korrikak daukana da euskaragazko maitasunak batzen gaituela. Eta beti arrisku giro horretan dagoenez, ondo babestuta ez dagoenez, oldarraldien aurrean gure sentimendua adierazteko eta azaltzeko momentua izaten da, gure lurragazko eta hizkuntzagazko sentimendua adierazteko unea.
Amaitzeko, zer esango zenieke zaldibartarrei Korrika datorrela eta?
Irten daitezela kalera, disfrutatu dezatela, animatu dezatela Korrika, parte hartu dezatela. Eta egon daitezela AEKren eta Korrikaren ondoan. Izan ere, egundoko altxorra da, disfrutatzekoa.