Zaldibarko EAJk EH Bilduren "utzikeria" kritikatu du Zalduaran aldeko igogailua dela eta

E.H. 2026ko martxoaren 24a

Jeltzaleen berbetan, tren geltokiko hiru igogailuetatik bi "normaltasunez" dabiltza Euskal Trenbide Sareak eraberritzea amaitu zuenetik. Alabaina, hirugarrena, "ez dela inoiz martxan jarri" kritikatu dute. EH Bildu egin dute, hain zuzen ere, horren erantzule.

Zaldibarko EAJk azalpenak eskatu dizkio EH Bilduri, Zalduaran kalera ematen duen igogailuaren harira. Azpiegitura martxan ipintzeko ardura udalarena dela diote, eta gobernu taldeari leporatu diote, hain zuzen ere, igogailua "ia urte bian" martxan ipini barik edukitzea. "Zer egin du udalak denbora honetan guztian?", galdetu dute.

Halaber, EAJk jakinarazi du  "duela hilabete batzuk" gaiari buruzko kexa helarazi ziola gobernu taldeari, eta hark arazoa konpontzea "Euskal Trenbide Sareari" zegokiola erantzun zuela. Alde horretatik, arazoa konpontzeko erantzukizunaz "nahastea" egotzi diote EH Bilduri, eta egoera hori “utzikeria instituzionalaren" eta "argitasunik ezaren adibide garbia" dela gaineratu.

Zaldibarko EAJk hedabideetara bidalitako oharrean plazaratu du kritika, eta mezu horretan bertan jakinarazi du, halaber, udalak jeltzaleei emandako informazioa. Horren arabera, "beharrezko jarduera teknikoak dagoeneko eginda daude, eta [igogailua] martxan jartzeko baimena baino ez da falta". “Orain esaten da egun batzuen buruan operatibo egon daitekeela, baina galdera agerikoa da: zer egin du udalak denbora honetan guztian hau lehenago konpondu ez dadin?”, itaundu du EAJk. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!