Zaldibarko Udalak aho batez onartu ditu 2026ko aurrekontuak, 40 urtean adostasunik gabe onartu eta gero

E.H. 2025eko abenduaren 18a

Udalak 4 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino % 6,5 gehiago. Azpiegiturak, zerbitzuak eta aisialdi eremuak hobetzeari begirako aurrekontuak prestatu dituzte. Gobernu taldeak oposizioko alderdien proposamen guztiak onartu ditu.

Zaldibarko Udalak 2026rako aurrekontuak onartu ditu. Udalak 4.057.068,08 euro izango ditu datorren urtea kudeatzeko, aurten baino % 6,5 euro gehiago. Udalak herriko azpiegiturak, zerbitzuak eta aisialdi guneak hobetzera bideratuko ditu aurrekontuak. Esku hartze nagusienen artean, honako hauek daude, besteak beste:

  • Olazarko txorrotak aldatuko dituzte, eta ur-parke moderno bat jarriko dute.
  • Herritarrekin egindako parte hartze prozesua oinarri, herriko parke bat birmoldatuko dute.
  • Lehenengo pausoak emango gira dituzte Alde Zaharrean kultur etxea atontzen hasteko.  
  • Fitness makinak ipiniko dituzte rokodromo berrituan.
  • Eskolako jolastokia handitzeko lanek segida izango dute. Haurreskolako jolastokia berritzeko asmoa iragarri dute, eta eskola barruko jolastokia eraldatzekoa.

Adostasun osoa

Aurrekontuak aho batez onartu dituzte, gobernu taldearen (EH Bildu) eta oposizioko alderdi bien aldeko botoekin (EAJ eta PSE-EE). 40 urte baino ziren Zaldibarren aurrekontuak adostasun erabatekoagaz onartzen ez zirela.  “Beti esan dugu gobernu talde hau zabalik dagoela negoziazioetarako eta adostasunak lortzeko. Eta oraingoan lortu dugu. Eskerrik asko alderdi politiko guztiei”, esan du Eneritz Azpitarte alkateak.

Izan ere, gobernu taldeak EAJren eta PSE-EEren proposamen guztiak onartu ditu: jeltzaleen hiru eta sozialisten bi. Honako hauek dira oposizioaren proposamenak, udalak zehaztu duenez:

EAJren proposamenak:

  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gunea ipintzea. 40.000 euroko diru-atala aurreikusi dute kargatze puntua hartzeko eta disuasio aparkalekuen aukera aztertzeko.
  • Udal gimnasioa eta Nagusien Etxe berria: EAJk udal gimnasio bat egitea eta Nagusien Etxe berria beheko solairu batean kokatzea proposatu du. Gobernu taldeak bat egin du premia horrekin, eta horregatik, udalbatzako hiru alderdiek talde eragile bat osatuko dute, lokalen, lursailen eta pabilioien azterketa egiteko eta kokapenik egokienak aztertzeko. 

PSE-EEren proposamenak:

  • Eskatu ahalako taxia auzoentzat: baserri auzoak herrigunearekin hobeto lotzeko, 15.000 euroko diru atala prestatu dute aurrekontuetan. Zerbitzu hori arautzeko ordenantza urte hasieran landuko dute.
  • Argiteria: Nagusien Etxe inguruko argiteria hobetuko daute. 15.000 euroko diru atala jarri da zeregin horretarako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!