Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Zabarte Narbaiza

Zortzi ordu eta hamaika minutu. Hiru ordu eta berrogeita hamalau minutu. Ordu bat eta berrogeita bost minutu. Zazpi ordu eta hemeretzi minutu. Bost ordu eta hogeita hemezortzi minutu. Bi ordu eta hogeita bi minutu. Lau ordu eta bederatzi minutu.

Edozer izan zitekeen, baina ez, inguruan galdetuta jaso ditudan datuak dira hauek: mugikorraren eguneko erabilera orduak. Zifra batzuekin izutu naiz, lanegun oso bat mugikorrari itsatsita. Gehiago edo gutxiago, denak antzera samar gabiltzala ikusi dut, eta ez dakit honek lasaitu edo gehiago larritu nauen. 

Lagun batekin kafe bat hartzen zaudela komunera doa, mugikorra. Gidatzen zaudela eta semaforoa gorri, mugikorra. Antzerki edo zinema ikuskizun batean ezin ordu eta erdiari eutsi eta mugikorra. 

Irteera polita antolatu zuen herriko mendi taldeak duela asteburu pare bat; Aizkorri eta Urbiara egun pasa. Plan ederra eta giro ezin hobea, eta guztia hobetzen zuen faktore bat, koberturarik ez. Pare bat argazki ateratzeko erabiliko genuen sakelakoa. Guztion mugikorren bateriak bete-beteak itzuliko ziren etxera. Urbian, fondan, dauden hamaka antzeko jarlekuetan eserita korro handi batean elkar gozatzeko aukera eduki genuen, eta hala gozatu ere. Panorama bestelakoa izango zen sarea izango bagenu. Kosta egiten da sakelakorik gabe bizi genituen garaiak gogoratzea. 

Esango nuke, sakelakoari lotuta igarotako zifra horiek ikustea zeharo naturalizatuta dugula, baina kalkuluak kalkulu, astean 48 ordu inguru dira. Erraz esaten da. Segundo, minutu edo ordu hauek lanari kendu bagenizkio gaitz erdi; baina ez, normalean zeri lapurtzen diogu denbora? Lagunekin egoteari? Bikotekidearekin elkarrizketa goxo bat edukitzeari? Familiarekin denbora pasatzeari? Liburu eder bat edo film on bat ikusteari?

Eta lerro hauek irakurtzeko zenbat denbora behar izan duzu? 80 segundo? 120? Eta segidan irakurri dituzu ala etenik egon al da? Eta orain, zenbat denbora igaroko da sakelakoa hartzen duzunerako? Edo akaso, telefonotik ari al zara irakurtzen?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!