Arabiera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa berba egiten dituzu. Horiek guztiak nahikoa ez, eta euskara ikasten ere hasi zara. Zergaitik?
Umeengaitik hasi nintzen euskara ikasten. Gogoan dut, behin, semeetariko batek etxeko lanak ekarri zituela eskolatik. Euskara ariketak ziren, eta, jakina, ez nuen ezer ere ulertzen. Momentu horretan euskara ikasi behar nuela erabaki nuen. Berba batzuk, esapide batzuk, hasteko. Gerora, udalak euskara ikasteko oinarrizko ikastaro batzuk antolatu zituen eta horietan izena ematea erabaki nuen. Ez nuen birritan pentsatu. Nik eta senarrak, biok, eman genuen izena ikastaroetan.
Eta, halako batean, Zaldibarko Euskaraldiko hamaikakoaren parte izatera igaro zara.
Harriduraz hartu nuen hamaikakoaren parte izateko proposamena. Izan ere, lotsa moduko bat sentitzen nuen, jendeak zer pentsatuko ote zuen edo. Idoia Marinek animatu ninduen hamaikakoan parte hartzera, eta pausoa ematea erabaki nuen. Pozik nago erabakiagaz.
Zergaitik da Euskaraldia inportantea zuretzat?
Zaldibarren bizi garelako eta herritarrik gehienek euskaraz egiten dutelako. Euskara ikasi behar dugu hemen bizitzeko, hemengo bizimodua, hartu-emanak, elkarrizketak ulertzeko.
Gaur egun, herritarren arteko euskarazko elkarrizketak entzuten dituzunean, ideia nagusia ulertzeko gai zara.
Bai. Ikastaro bi egin nituen Pako Aristi idazleagaz. Oso esperientzia aberasgarriak izan ziren. Pakok oinarrizko lexikoa, aditzak, ordutegiak eta esapideak erakutsi zizkigun, eta, horrez gainera, ikastaroetatik kanpora euskaraz beldurrik barik berba egin behar genuela esan zigun. Hasieran, hori egiteko lotsa sentitzen nuenez, seme-alabekin hasi nintzen praktikatzen. Barre egiten zidaten: "Ama! Hori ez da horrela esaten; beste era honetara esaten da!", eta halakoak. Zuzenketa horiek buruan sartuta ditut dagoeneko. Horrez gainera, Berbalaguneko Nuriagaz euskara praktikatzeko saioak egin izan ditut barikuro-barikuro. Susana ere egon da gugaz euskara ikasten, Espainia hegoaldeko emakumea. Topaketa horietan, berba, berba eta berba egitea izan da funtsa, beldurra kentzea. Orain, topaketa horiek eten behar izan ditut seme txikiari heziketa kontu batzuekin laguntzeko, baina egoera hobetzen denean, berriro ere jarraituko dut euskara ikasten.
Zer esan dizute herritarrek, bizilagunek, zu euskara ikasten eta Euskaraldian parte hartzen ikusita?
Mundu guztiak animatu nau euskaran trebatzen jarraitzera, eta hori ez da ohikoa. Izan ere, emakumea naiz, eta, horrez gainera, marokoarra. Hemen, dakizuenez, etorri berri guztiok ez dugu berdin konektatzen, baina gure kasuan zerbait naturala izan dela iruditzen zait. Zaldibarko herritar askok ezagutzen du gure familia, bai betidanik hemen bizi izan direnek eta baita hona bizitzera etorri berri direnek ere. Nire jatorrizko herrialdean ere beti bizi izan naiz horrela. Ikasketak egin ditugu, eta mutil zein neska izan, elkarregaz harremandu izan gara beti.
Izan ere, hizkuntzak bene-benetan atsegin dituzula dirudi, literatura arabiarrean lizentziatua zara eta.
Irakurtzea eta hizkuntzak ikastea asko gustatzen zait. Hala ere, azkenaldian, ezin izan dut gura beste irakurri, nahikoa lan izaten dut-eta seme txikiagaz! Egundoko energia dauka! (barrez)
Euskaraldia datorren eguenean hasiko da. Zelan biziko duzu?
Belarriprest izango naiz, eta halantxik jarraituko dut euskaraz hobeto berba egitea lortzen dudan arte. Maiatzaren 15etik aurrera txapa soinean ipini eta euskara gehiago ikastera irtengo naiz, esapide eta berba gehiago ikastera. Niri euskaraz egitea eskatu gura diet zaldibartarrei. Egin diezadatela euskaraz; gustura entzungo diet, eta apurka-apurka hizkuntzan trebatzea lortuko dut.
Seguru elkarrizketa hau Zaldibarko eta Durangaldeko herritar askok irakurriko dutena. Zein mezu helarazi gura diezu irakurleei?
Euskara ikastera animatu gura ditut guztiak. Gatxa da hasieran, baina berbak ikasten zabiltzala igartzen duzunean, errazagoa da dena. Berbak behin eta berriro entzuten dituzunean, barneratu egiten dituzu. Euskara ikasi behar dugu, eta Zaldibarren bizi garenez, euskaraz berba egin.