Euskaraldia 2025

Zaldibarko Euskaraldiak bere hamaika enbaxadoreak aurkeztu ditu

Anboto 2025ko mar. 28a, 19:51

Arratsalde honetan jendaurreko aurkezpena egin dute udaletxeko plazan. ZALDIBARKO EUSKARALDIA

Zaldibarko Euskaraldiak dena dauka prest herritarren artean hizkuntza ohiturak eraldatzeko eta euskarari hauspoa emateko. Arratsalde honetan, herriko hamaikakoa aurkeztu dute. 

"11 laguneko taldea da hamaikakoa, inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko direnak. Talde anitza osatuko dute guztien artean. Aniztasuna osatuko dute generoari, adinari, ikasketei edo ogibideari, eta jatorrizko auzoari dagokionez",  esan dute arratsalde honetako ekitaldian. Honako hauek osatzen dute Zaldibarko taldea:

  1. Gurutze Aiartzaguena Arantzibia
  2. Jesus Mari Escobar Huertas
  3. Koutar Dourhami
  4. Olga Gozalo Casco
  5. Garazi Zabala Arantzeta
  6. Miriam Sanchez Peña
  7. Aritz Aranburu Gallastegi
  8. Ainhoa Azpitarte Elgea
  9. Urko Zamakona Ereñaga
  10. Sergio Gallego Mazarias
  11. Zezilio Azagirre Atxaorbea

Hamaikakoa aurkeztearekin batera Euskaraldira batzearen garrantzia azpimarratu dute batzorde eragileko kideek: "Aurten, Euskaraldia udaberrian izango da, eta kalean egotea nahi dugu, inoiz baino gehiago. Ahalik eta herritar gehien batu behar ditugu euskararen erabileraren alde mobilizatzera", esan dute. Era berean, hurrengo asteetan zehar hainbat ekintza egingo dituztela iragarri dute, Euskaraldiaren atariko legez.

Izen-emateak martxan

Euskaraldian izena emateko aukera zabal-zabalik dago jada. Herritarrek Belarriprest edo Ahobizi rolak aukeratu eta soinean txapa jantzita parte hartu ahalko dute ariketan. Txikienek, Xaxatzaile legez parte hartuko dute. Izen-emateak euskaraldia.eus atarian egin behar dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!