URA agentziak ibaiertzak lehengoratzeko eta espezie inbaditzaileengandik babesteko jarduketa bat egin du azken asteotan, Eitzagako Bekoerrekan. Banbu zurtoinak kendu dituzte errekaren ibilgutik, guztira 600 metro koadroko azaleran. Lehenik, gainazaleko zatia ebaki zuten motozerraz, lurraren arrasean. Gero, lurpeko zurtoin eta sustraiak kendu zituzten hondeamakina batekin. Azkenik, eskuzko errepasoa egin zuten, sakabanatuta gera zitezkeen sustrai txatalak erretiratzeko.
Ibaiertza lehengoratzeko lanak jutezko manta batez estalitako adarrak ipinita amaitu zituzten. Horri lur emankorra gehitu zieten gero, kaltetutako eremua lehengoratzeko. Ondoren, zuhaixkekin eta zuhaitz autoktonoekin landareztatu zuten eremua.
Lanek lau aste iraun dute. Eusko Jaurlaritzak 32.594 euroko inbertsioa egin du.
Arazo sortzaile ur-ekosisteman
Banbuak (Phyllostachys sp) hainbat arazo eragin ditzake ur-ekosistemetan. Espezie inbaditzailea da, bertako landareak lekuz alda ditzakeena, tokiko biodibertsitatea aldatzeko ahalmen handia duena, lurzoruaren higadura-dinamikari eragin diezaiokeena (hazkunde trinkoak lurzorua gehiegi egonkortu dezake, eta horrek higadura- eta sedimentazio-patroi naturalak alda ditzake) edo ur eta elikagai kopuru handiak kontsumitu ditzakeena, espezie autoktonoentzako baliabideen eskuragarritasuna murriztuz.
Irekia.