Zaldibarko EH Bilduk konpondu berri den mediku faltaren arazoari buruzko balorazioa egin du. Prentsa oharrean azaldu dutenez, azken asteak "kezka handikoak" izan dira herritarrentzat. "Elorriora joateko zailtasunak, medikuak artatzeko egunak itxaron beharra eta arreta presentziala jasotzeko trabak bizi izan" dituzte". Horren guztien aurrean, herritarrek emandako "erantzun eredugarria" txalotu du koalizioak: "Lehenengo egunetik ehundaka zaldibartarrek kaleak hartu zituzten osasun arreta duinaren alde. Aspaldian Zaldibarren egon diren mobilizaziorik handienak izan dira. Bizi baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde borrokatuta eredugarriak izan dira zaldibartarrak". Era berean, EH Bilduko kideek mobilizazio horietan parte hartu eta kezkak Osasun Sailera helarazi zizkietela azpimarratu dute.
Edozelan ere, EH Bilduren iritziz, Zaldibarkoa "ez da kasu isolatu bat" izan; "Osakidetzak egun bizi duen kaxkartzearen adibideetako bat baino". Aurrerantzean, "zaldibartarrek merezi duten osasun arreta jasotzeko lanean" jarraituko dutela iragarri dute, "osasun sistemaren pribatizazioaren aurka eta osasun sistema publiko eta duinaren alde".