“Jaietako txapligua botatzea aukera aproposa da gaztetxearen 20. urteurrena borobiltzeko"

Anboto 2024ko uzt. 1a, 08:30

Irune Prada, Itsaso Urizar, Maddi Sanz, Garazi Zabala eta Maier Azpitarte Zaldibarko gaztetxeko kideetariko batzuk dira. Uztailaren 4an botako dute jaiei hasiera emateko txapligua, 19:00etan, Jose Luis Mendilibar futbol entrenatzailea omendu eta gero. Gogotsu daude jaiak hasteko.

Herriko jaien hasiera iragarriko duzue txapligua botata. Zelan jaso zenuten proposamena?
Maddi Sanz: Egia esanda, oso era positiboan jaso genuen proposamena. Urte hau garrantzitsua da gaztetxearentzat zein Zaldibarko herri osoarentzat. Hogeigarren urteurrena bete dugu eta aurtengo jaietako txupina botatzea aukera ederra da urteurrena borobiltzeko.

Oraingoz ezingo dugu spoilerrik egin, ezin pregoiaren edukia aurreratu, baina baduzue ideia nagusiak esateko modurik?
Irune Prada: Iruditzen zaigu txupina botatzea aukera egokia izango dela hogei urte hauetan gaur egungo gaztetxean zein aurreko gaztetxeetan lanean ibilitako kide eta eragile guztiak omentzeko. Horrez gainera, herritar guztiak ere eskertu gura ditugu. Azken finean, gaztetxea herritik eta herriarentzat sorturiko proiektua da, eta, horrenbestez, herritarrei eskerrak eman eta gazte guztiei gaztetxera etortzeko gonbitea egin gura diegu.

Zelan ospatuko dituzue jaiak? Pentsatu duzue zein ekitalditan parte hartuko duzuen?
Irune Prada: Gaztetxea txosnaguneko eragileetariko bat da, Ernaigaz eta Dominika Talde Feministagaz batera. Horrenbestez, jaiak txosnagunean ospatuko ditugu. Aurten ez dugu gaztetxea zabalduko. Lanean ibiliko gara, baina herrian zehar antolatzen diren ekitaldietan eta txosnaguneko ekintzetan parte hartuko dugu.

Aurtengo nobedadeen artean, kuadrillen arteko 'txallenge' erronka dago. Bertan parte hartuko duzue?
Garazi Zabala: Erronka horretako lehenengo proba joan zen asteburuan jokatu zen, tortilla txapelketagaz. Ez genuen irabazi (barrez), baina jaietan zehar beste hiru erronka egongo dira, eta horietan ere izango gara. Baita kontzertuetan ere.

Urtean zehar, zergaitik da inportantea Zaldibarren gaztetxe bat egotea?
Irune Prada: Gaztetxea kulturgune eta espazio seguru bat da Zaldibarren. Eta Kultur Etxe berria egiteko proiektua hor dagoen arren, momentu honetan herriko kulturgune bakarrenetarikoa da. Gaztetxea inportantea da kultur eskaintza hori bermatzeko eta askotariko gazteak batzeko espazio bat eskaintzen duelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!