Iraultza egingo dugu, maitea

Ainhoa Zabarte Narbaiza 2024ko eka. 28a, 08:30

Ezagutu zintudan egunetik zaitut barrenean. Zure irri, kantu, zirri eta biziak pozten nau. Lehenena izan zinen zu. Lehenengo harremana, jolasak, haserreak, kantuak eta purrustadak bizi genituen elkarrekin. Hamaika momentu, hamaika bizipen.

Zalantzaz beteriko une bat bizi izan nuen. Sasoi aldrebesa eta korapilatsua, eta alboratu egin zintudan. Bizitzaren atzealdeko plano ilun batera baztertu, baina leku gutxi batzuetan elkartzen ginen oraindik. Oro har, zu saihesten saiatzen nintzen, kasurik ez nizun egiten. Nahiz eta zuk dei egin, idatzi, ni bilatu, ezetza zen nire erantzuna. Muzin egin nien zure musu eta laztanei. Bizkarra eman nion zure berotasunari. Gaztea, nerabea nintzen, eta bizitzaren jira-biran, beste bat ezagutu nuen. Beste batekin jolasten nintzen. Kale, ohe edo kotxe, suertatzen zen eta nahi nuen lekuetan. Denbora luze batez ibili nintzen berarekin. Horrela behar zuenaren ustean, horrela izan zen.

Egun hura iritsi zen arte. Zu berriz entzun zintudan eguna. Barruko berotasuna su bihurtu zenuen eguna. Aspaldiko partez, plazer handiz ase geratu nintzen eguna. Klik bat. Gogoa. Kontzientzia. Beharra. Ilusioa. Zurekiko harrotasuna, nirekiko identitatea. Damutu nintzen zu hala tratatu izanaz, zu alboratu izanaz. Baina damuak damu, zu izan zara nire hautua, zurekin bizitzea erabaki nuen. 

Nahiz eta batzuek zurekiko duten jarrera ezkorrak edo interes faltak oraindik mina ematen didan, pozik nago. Pozik, harremana estutu genuelako, zu berreskuratu zaitudalako. Eta ez nik bakarrik, inguruko askok zutaz gozatzen dutelako. Zurekin gozatzen dutelako. Ez da zalantzarik, asko dago, dugu egiteko. Ohitura, jarrera eta modu asko aldatzeko. Denek ezagutzen zaituzte, ongi ezagutu ere, eta badago maite zaituen jendea. Lortuko dugu, zu maitatze hutsetik, zurekin gozatzera. Iraultza egingo dugu, ene euskara maitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!