Elkarrizketa politikoak

“Kultur etxea Sanjuangoan egotea pauso garrantzitsu bat izango da Alde Zaharra berpizteko”

Jone Guenetxea 2024ko urt. 12a, 09:30

EH Bildu Zaldibarko Udaleko gobernura heldu da Eneritz Azpitarte Aranzabal (Zaldibar, 1985) buru duela. Dagoeneko onartu dituzte 2024rako aurrekontuak, eta aurtengo kontuetan eskolako patioa izango da inbertsiorik nabarmenena. Etorkizuneko proiektuez gainera, Zaldibarko hondakindegiaren egoerari buruz eta zabalik dagoen auzibideari buruz berba egin du alkateak.

Zelan hasi duzue legegintzaldia?
Legegintzaldi berria gogotsu hartu dugu, ikusten dugulako Zaldibarrek behar dituen proiektuak martxan ipintzen gabiltzala. Horren adibide nagusia eskolako jolastokia handitzearen eta eraberritzearen proiektua da. Bestalde, Sanjuangoan kultur etxea egitea ere egitasmo garrantzitsua da, Zaldibarko herritarrok eskubidea dugulako kulturaz gustura gozatzeko. Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu kultur etxea edukitzea. Hori guzti hori aurrera eramateko gobernu taldean oso lantalde ona daukagula uste dut.

Joan zen abendu amaieran aurrekontuak onartu zenituzten. Zeintzuk dira 2024rako egitasmo nagusiak ?
Onartu berri ditugun aurrekontuetako egitasmo nagusia eskolako jolastokia eraberritzeko eta handitzeko proiektua da. Beste proiektu batzuk ere aurreikusi ditugu. Esate baterako, 40.000 euroko diru atal bat ipini dugu Eitzaga auzoa hobetzeko. Azken urteetan, Eitzagako auzokideek asko sufritu dute azpiegiturak direla eta, eta auzotarrek ikusten dituzten beharrizanei erantzuteko partida onartu dugu. Hobekuntza guztiak auzotarren iritzia kontuan hartuta egingo ditugu.

Legegintzaldira begira, zeintzuk dira ildo nagusiak?
Ildorik estrategikoena kultur etxea egitea izango da. Horretarako, Zaldibarko Udalak ahalegin ekonomiko handia egingo du. Guretzat horixe da proiektu nagusia. 2019ko egitasmoa ekonomikoki eguneratzen gabiltza, eta arautegi berrira moldatzen ere bai.

Zeintzuk dira beharrizanak eskolako patioan?
Eskolako patioko beharrizan nagusia aisialdiagaz lotuta dago. Berdegune gehiago behar da. Gaur egungo patioan kirolguneak daude erdigunean, eta beste dena aparte dago, beste hainbat ikastetxetan legez. Umeek espazioak behar dituzte beste era batera jolasteko, pentsatzeko eta egoteko. Leku lasaiak ere behar dituzte. Gaur egun dugun patioa zementu hutsa da eta berdegune gehiago behar dugu.

Zer aurreikusten du eskolako patioaren proiektuak?
Gaur egun esku artean dugun proiektua zenbait fasetan egin beharko dugu. 2024an patioa handituko dugu. Eta, handitzerakoan, eskola eremuaren ondoan dagoen berdegune bat berreskuratuko dugu eskolako jolastokirako. Lasai egoteko eta kirola egiteko guneak ere badaude aurreikusita. Harmaila batzuen bitartez antzerkirako gunea ere bai.

Zertan datza kultur etxearen proiektua?
Gaur egun daukagun liburutegia txiki geratu zaigu. Beraz, kultur etxe berrian liburutegi handiagoa egokitzeko asmoa dugu, eta zenbait gune izango du: ume txikiena, haurrena, nerabeena... Gela multifuntzional handi bat planteatzen dugu, 80 bat pertsonarentzat. Bilera gelak ere izango lituzke.

Kultur etxearen inguruan, ez zatozte bat EAJgaz.
Alderdi bakoitzak hobeto irizten dion kokapena defendatzen du. Guk Sanjoangoako eraikina bultzatu dugu. Gainera, uste dugu kultur etxea Sanjoangoan egotea, pauso garrantzitsu bat izango dela Alde Zaharra berpizteko.

Laster lau urte beteko dira Verter Recycling hondakindegia amildu zenetik. Zaldibarko Udalak epaitegietara jo zuen. Zelan doa auzibidea?
Zer gertatu zen jakin gura dugulako ipini genuen martxan auzibidea, eta erantzukizuna norena izan zen argitzea gura dugulako. Ingurumeneko auzibideak aurrera jarraitzen du.

Iazko txosten baten arabera, hondakindegiak egonkortasun arazoak zituen.
2023ko maiatzean, Larrea Geotecnia y Geología enpresak kaleraturiko txostena ezagutu genuen. Txosten horretan ohartarazi zuten hondakindegiaren egonkortasuna ez zela nahikoa. Datu horiek ezagutu genituenean, Eusko Jaurlaritzari gutun bat helarazi genion herritarren segurtasuna bermatzea eskatzeko. Horren ondoren, bilera bat egin genuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailagaz, eta gure kezka azaldu genien. Eusko Jaurlaritzak egoera onartu du eta zabortegia egonkortzeko obrak egiteari ekin diote.

Baduzue hartu-emanik Eitzagako auzokideekin?
Gobernura heldu eta berehala, ekainean bertan, bilera bat egin genuen Eitzagako auzotarrekin, euren kezkak ezagutzeko. Auzoan hobekuntzak egingo ditugunez, berriro ere eurekin batzea eta elkarlana izatea da gure asmoa. Eitzagako auzokideek arduraz bizi dute aipaturiko txostenak esanikoa. Zabortegiaren beheko aldean bizi dira. Hondakindegia alde batera amildu zen, eta beldurra dute. Kontuan izan behar da auzokide batzuek hileak egin zituztela etxetik kanpora. Eurentzat kapitulu hau ez dago itxita.

Ekintza bandalikoak ugaritu egin dira Zaldibarren. Arduratuta zaudete?
Azken urteetan, bandalismoa presente dugun gai bat da eta arduratu egiten gaitu. Astebururo zerbait apurtzen dute eskola eremuan. Udaletik bandoa atera genuen kontzientziazio kanpaina bat egiteko. Eskolagaz ere bagabiltza gai hau lantzen, eskolak ere baduelako zer esan. Umeak, familiak eta herritarrak gertatzen dabilenaren inguruan kontzientziatzea da helburua.

Zein da Zaldibarko merkataritzaren egoera?
Komertzioak zarratzen ari dira eta berriak oso gutxi sortzen dira. Udaletik bonu kanpainak egiten ditugu, eta ostalariei begira pintxo lehiaketa egingo dugu. Ahal dugun neurrian laguntzen ahalegintzen gara. Badakit elkarte bat sortzen dabiltzana indarrak batzeko eta laguntza gehiago jasotzeko.

Bonuek ondo funtzionatzen dute?
Oso ondo funtzionatzen dute. Udalak 7.500 euroko laguntza ematen du eta oso harrera ona dute. Merkatariak oso pozik daude horregaz. Bestalde, ahalegina egiten dugu udalak egiten dituen ekintzetarako herriko komertzioetan erosten.

Zein egoeratan dago etxebizitza arloa Zaldibarren? Gazteek badute aukerarik herrian geratzeko?
Etxebizitza gutxi dago alokairuan, eta dagoena oso garesti. Horixe da tendentzia. Gazteek arazoak dituzte gurasoen etxetik irteteko. Orain lau urte, Etxebizitza Sailagaz hartu-emanetan egon ginen parkeko hotelean etxebizitzak egiteko, eta mahai gainean dugun proiektu bat da. Hurrengo lau urteetan gai honi bultzada ematea da gure asmoa.

Osasun zentroari dagokionez, badago arazorik lehen arretagaz?
Bai, bajak egoten direnean, askotan ez da ordezkorik ipintzen. Abenduaren 15ean Osasun Saileko arduradunagaz batzartu ginen, bajak betetzea eskatzeko. Eurek diotena da ez dagoela medikurik. Gaur egun, Zaldibarko mediku guztiak ordezkatuta daude, baina gertatu daiteke momenturen batean ez egotea.

Osasun zentroa handitzea ere eskatu duzue.
Bai, osasun zentroa txiki geratu da. Salak txikiak dira eta arreta zerbitzua jende guztiaren aurrean egiten da. Zaharkituta geratu da eta gaur egungo beharrizanetara egokitu beharko liztateke. Alde horretatik, parkeko hoteleko beste alde guztian obra egitea proposatu diogu Osasun Sailari. Horrela, obrek irauten duten bitartean, espazio zaharrean funtzionatzen jarraituko luke. Datorren astean bilera dugu Osasun Sailagaz eskaera hau egiteko, eta baita parkeko hoteleko etxebizitzen proiektua azaltzeko ere.

Errepide nazionalak herria zeharkatzen du. Aldundiak badu proiektu bat. Bat egiten duzue egitasmo horregaz?
Proiektu bat mahai gainean dago, batez ere trafikoa moteltzeko. Zebrabideak egiteaz gainera, Muelles Zaldua inguruan beste biribilgune bat egingo litzateke. Era berean, errepidea alboratu egingo litzateke San Andresen, eta auzoak lur eremu handiagoa irabaziko luke herritarren segurtasunerako. Baina guk gabezia bat ikusten diogu proiektuari. Artia inguruan ez dago zebrabiderik. Gaur egungo lurpeko pasabidea mantentzen da. Zaldibarko biztanleen herena herriaren beste aldean bizi gara eta normaltasunez pasatu gura dugu errepidetik. Gorago zebrabide gehiago aurreikusten da, baina puntu horretan ez. Aurreko legegintzaldian alegazio hori ipini genion proiektuari. Orain ere beharrezko ikusten dugu eta Aldundiari eskaera egin diogu Artian zebrabidea egitea aztertu dezan.

Euskararen kale erabileraren inguruan datu onak jaso zenituzten Zaldibarren.
2021ean euskararen kale erabilera neurtu genuen. 2016ko eta 2021eko datuak alderatuta, hiru puntuko igoera izan zen. Aurreko 15 urteetako epeari begiratuta, kale erabileraren datuak nabarmen egin du gora, 11 puntu, hain zuzen ere. Oso datu positiboa da, eta pozgarria da. Udalak apustu handia egiten du euskararen erabilera bultzatzeko. Horretarako, hartu-eman estua dugu eskolagaz, eta Gazteleku eta Zapatublai ekimenak ditugu aisialdiari begira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!