Zaldibarko Udalak ez du berretsi Kurutzezar inguruetako etxebizitzak egiteko Jaurlaritzagaz egindako hitzarmena

Aritz Maldonado 2023ko mar. 31a, 14:34

Hitzarmena atzera botata, airean geratu da Kurutzezar inguruetan egitekoak diren alokairuzko etxebizitzekin. EAJko Jose Luis Maiztegik eta Iñaki Mendiolagaraik, eta PSEko Jose Carok babestu zuten proposamena; Juan Mari Uriarte EAJko zinegotziak EH Bilduko bost zinegotziegaz batera, aurka bozkatu zuen. Sagrario Sanchez (PSE) eta Izaskun Zurikarai (EAJ) ez ziren plenoan egon, gaixorik zeudelako, ondorioz, ezin zuten bozkatu. Alkateak puntu honen eztabaida beste egun batera atzeratzea proposatu zuen, baina ez zuten onartu. Honenbestez, ez zen berretsi etxebizitza horiek egiteko hitzarmena.  

19:30ean hasi zen osoko bilkura, udaletxearen atarian dozenaka herritarrek protesta egiten zuten bitartean, izan ere, etxebizitza horiek eraikitzeak eskolako jolastokia handia eragotziko lukeela salatu zuten, beste behin; babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko hitzarmena ez zen berretsi, eta tentsiozko uneak bizi ziren udaletxeko pleno aretoan. "Zaldibarren etxebizitzagaz dagoen arazoa konpontzeko aukerarik egokiena dela uste dugu. Saiatu gara urte hauetan guztiontzako onena [hezkuntza komunitateaz ere ari zen] izango zenaren bila, eta uste dugu hau dela. Zuek eman beharko dituzue azalpenak etxe horiek zergatik ez diren egingo", defendatu zuen Jose Luis Maiztegi alkateak. PSEko Carok, ostera, azalpenak eskatu zizkion Uriarteri bere boto aldaketagatik. Juan Mari Uriartek berba hartu zuen gero, prozesua azaltzeko. "Adostasun oso bat lortu zen, Plan Orokorrean aldaketak eginez gero, posible zen alde guztientzako onena zen irtenbidea lortzea. Hauteskundeak iritsita, baina, bestelako jarrera batzuk hartu dira", salatu zuen Uriartek. "Ez gaude etxebizitza sozialak eraikitzearen aurka; zaila egiten zaigu adostasun batera iritsi ostean orain jarrera hau ulertzea", argudiatu zuen EH Bilduko Eneritz Azpitartek. Osteko bozketan, esan bezala, Uriartek EH Bildurekin batera proposamenaren aurka bozkatu zuen. 

EH Bilduren salaketa

Tentsioa nabaria izan zen bilkura osoan zehar, eta Zaldibarko EH Bilduk oharra kaleratu du. "Aparteko balorazioa merezi du alkatearen jarrera oldarkorrak. Errespetuaren muga guztiak igaro zituen, bertaratutako herritarrekin, EH Bilduko zinegotziekin eta baita bere gobernuko kide den Juan Mari Uriarte alkateordearekin ere. PSEko Jose Caro zinegotziak ere alkatearen jarrera kopiatu zuen, herriarekiko duen ezagutza falta izugarria agerian utzita". Baliabide publikoak alderdiaren mesedetan erabiltzea ere egotzi dio alderdi independentistak Maiztegiri. "udal baliabideak EAJren mesedetan erabiltzen dituen alkatea da Maiztegui. Jolastokia handitzearen aldeko gurasoekin egindako bilerara udal teknikariak eramateaz gain, EAJko zerrendan doazen eta zinegotzi ez diren bi pertsona eraman zituen. Esan beharra dago bi pertsona hauek onartu zutela bileran parte hartzea, beraz hauei ere ondo iruditzen zaie alderdiarentzako baliabide publikoak erabiltzea. Alkatea plenoan egia ezkutatzen saiatu zen baina azkenik egindakoa onartu zuen, harropuzkeriaz eta inolako damurik erakutsi gabe", azaldu dute ohar berean.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!