Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketaren arabera, euskararen kale erabilera %11 igo da Zaldibarren hamabost urtean

Aritz Maldonado 2022ko abe. 16a, 09:30

Hamar zaldibartarretik hiruk euskaraz egiten dute kalean; hamabost urte atzera eginez gero, datu hori hamaika puntu igo da ehunekotan. Hau da, 2006an, Linguistika Klusterrak Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa egin zuenean, euskarazko elkarrizketak %19 ziren eta, azkeneko neurketen arabera, %31ra igo da kopuru hori.

Bilakaera "goranzkoa bakarrik ez, konstantea" ere izan dela azpimarratu du Olatz Altuna klusterreko teknikariak. Udalak eskatuta egin du neurketa klusterrak, eta, guztira, 32 orduko neurketa egin da Zaldibarren; hau da, 150 bat elkarrizketa entzun dira, eta, guztira, 3.100 solaskide aditu dituzte. 2011n eta 2016an egin ziren beste neurketa biak, eta emaitza hauen arabera euskararen kale erabilera %21,7koa eta %27,6koa zen, hurrenez hurren.

Bestelako ondorioei erreparatuta, euskararen biziberritzean genero rolak duen eragina azpimarratu du Altunak. "2006ko neurketan, gizonek emakumeek baino gehiago egiten zuten kalean euskaraz, baina gainerakoetan emakumezkoak gehiago izan dira. Eta gazteen kasuan ere horrela izan da. Ez da gehiegi ikertu horren inguruan, baina potentziala du. Ikusten ari gara, ez kale erabileran bakarrik, Euskaraldian ere emakume gehiagok eman dutela izena, edo alfabetatzean ikasleen gehiengoa emakumea dela", azaldu du Altunak. "Eta hau Euskal Herri osoan ikusten ari garen fenomenoa da". Horrez gainera, %31 horren gainetik haur, gazte eta "heldu gazteen" taldeak (25etik 44 urtera arte) daudela nabarmendu du. "Hortik aurrera arrakala bat dago. Aztertu beharko litzateke, baita, zergatik adin tarte desberdinetako pertsonak nahastean euskararen erabilerak behera egiten duen. Deigarria da, aldaketa hori haurren artean ere gertatzen delako", gaineratu du.

Erreferentzia gutxi inguruan
Zaldibarko datuak Durangaldekoekin alderatzeko, ikerketa gehiago beharko liratekeela ere azaldu du Altunak: "Interesgarria litzateke eskualdeko joera zein den ikusteko, jakina, baina horrek ordu askoko neurketa eskatzen du". Hala ere, ezagutzen diren datuekin bestelako hausnarketak egin daitezkeela iritzio dio; adibidez, herritarren gaitasuna. "Korrelazio bat dago: zenbat eta euskaldun gehiago egon, erabilera handiagoa da. Baina baditugu gaitasun maila antzerakoa duten herriak kale erabilera ezberdinekin. Zerk eragiten du hori?", hausnartu du Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!